Ane Muñoz.
Maratila

Zenbat lagun

2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nire eguneroko bizitzaren parte diren lagun eta senideekin osatzen dudan gizarte txikia bitan bana dezaket gaur: Facebookean murgiltzen direnak eta oraingoz sare sozialez erabat paso egiten dutenak. Ni, ingurukoen artean inondik aitzindarietakoa izan gabe, pixkanaka aurrerakuntza teknologikoen joerari jarraitzea nahiago izan dutenetakoa naiz. Ordenagailua aspaldi erosi nuen, jakina, sakelakoa ere gainean daramat, eta, nahi ala ez, nahita edo nahi gabe, azkenean Facebooken kide ere egin naiz, modako sarearen atzaparretan jauzi eta engantxatzeko asmorik ez dudan arren.

Batzuk besteokin konpartitzekotan minuturo azaltzen diren estekak begiratuz soilik, orduak igaro daitezke, txoro-txoro. Lagunekin, lagunen lagunekin eta haien lagunen lagunekin zerrenda amaigabeak osatuz doazen bitartean, etengabe ari da sarea hedatzen, eta gu, ai ama!, herritar xume tuntunok, hor goi-goian daudenek kontrolpean izan gaitzaten erraztasunak ematen.

Batek ipinitakoa gustukoa badut, hatza gorantz daukan eskutxoa sakatu, eta kito; horri aipamen bat gehitu nahi badiot, nahi dudana idatz dezaket hartarako dagoen tartean; ezagun batek laguntzat nahi nauela, zer erantzungo diot, ezetz? Nahiz eta ez dudan duela sei urteko asteburuko irtenaldi hartaz gain beste ezertaz ezagutzen? Zertarako nahi nau laguntzat, albokoak baino lagun-zerrenda luzeagoa izateko, akaso?

Azkenaldian bakar xamar dagoen lagun bat dut, asteburuetan norekin irten ez daukana, bakarrik bazkaldu eta afaltzen duena eta, bestalde, Facebooken hirurehundik gora lagun omen dauzkana. Zertarako dauzka, baina?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.