Imajinatu hiru urte luzez euskarazko telesail berririk ez dela izan. Imajinatu hiru urte luzeren buruan euskarazko telesail bat estreinatuko dela. Imajinatu estreinatu baino gehiago berrestreinatu egingo dela, edo beste etapa bat hasiko duela. Imajinatu orain euskarazko telesailen junkie bat edo adikto bat edo zale bat bederen badela —museoko pieza— eta zale hori euskarazko telesail berria noiz hasiko irrikan dela. Aho bitsetan. Hortzak izerditan. Imajinatu, azkenik, zale hori ETB1eko astearte eguerdiko albistegia ikusten ari dela. Bada, ñaka, izorratu zaigu asuntua.
Tira, ez duzue askorik imajinatu behar: orain aipatutako horixe gertatu baitzen atzo eguerdiko albistegian. Bai lehenik Xabier Usabiaga aurkezleak egin zuen sarreran, bai gero erreportajean bertan, Bi eta bat telesaila atzo estreinatuko zela iragarri zuten. Eta, irakurle maitea, badakit badakizula, baina atzo ez, gaur da egun handia. Aurkezlea entzutean harritu nintzen; eta erreportajean berriz gauza bera entzutean hiru aukera hauek otu zitzaizkidan: gaurko zena nahi gabe atzo sartu zutela; okerrago, gaurko beharko lukeena atzoko zela uste zutela; edo, guztietan txarrena, boikota egin nahi izan ziotela, zuzenean, telesailari. Eskerrak albistegien bukaeraraino geratzeko ohitura duten horietakoa naizen: Xabier Usabiagak akatsa zuzendu eta gaur gauerako iragarri zuen telesailaren estreinaldia. Ez dakidana da albistegien bukaeraraino geratzeko ohitura zenbatek duten eta zenbatek piztuko zuten bart ETB1 Bi eta bat ikusteko.
Gainera, tira, ze tontakeria, motel: hanka sartu dute, mundu guztiak bezala, eta berehala atera ere bai. Ohartu bezain pronto zuzendu dutela akatsa, alegia. Baina, imajinazioa eskatzen duen zutabe bat ateratzen ari zaidanez, imajinatu orain gaurko albistegietan esango balute Athleticen Espainiako Kopako finala, ostiralean ez, gaur gauean jokatuko dela. Zapping guztietan agertzeaz gainera, lurrikara eragingo luke albiste okerrak. Finalaren ordez Perdidos en la tribu aurkituko luketen guztiak kalera aterako lirateke, kaltetuen elkarte bat sortu, eta, batek daki, akaso Hagako tribunalaren aurrean deklaratu beharko luke aurkezleak, gizateriaren aurkako atentatua egitearen akusaziopean. Xehetasunak dira, badakit. Baina ez esan, halaber, oso adierazgarriak ez direnik.
Komunikazioa. Ekografiak
Xehetasunak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu