Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Xede nagusia

2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Anitzele-k ere eman du azkena. Ostegun gauean pasa zuten hondar elkarrizketa, Mikel Goñi —pilotari esan behar nuen, baina esango dut— sailkaezinarekin eginikoa. Berripaper honetantxe irakurri ahal izan genuenez, saio berri baten prestaketan ari da K2000 ekoizpen etxea, nahiz ETBko eduki zuzendari Pello Sarasolak adierazi: «Atseden hartuko du, eta baliteke bueltatzea». Eta saio berri horretan elkarrizketak platotik kanpo egingo lituzke Xabier Euzkitzek, gonbidatu bakoitzaren giroan grabatutakoak. Planteamenduak gogora ekarri dit TV3 kate katalaneko saio bat,El convidat, non aurkezlea sartzen den gonbidatu famatuaren etxera, egun pare bat pasatzera. Eta ez dut oso aldeko iritzia: txutxumutxutik asko dauka, eta aurkezleak edertzen du bere burua, elkarrizketatua beti geratzen da gaizki. Hobe ez badute eredutzat hartzen —audientzia datu oso onak izan arren—.

Azken Anitzele-ra itzulirik, sorpresa hartu nuen Goñirekin; ikusi nuen tipo bat lasai, konforme bere buruarekin, aurretiko mamuak uxatuta edo. Eta esan zituen gutxi batzuk, Espainia aldetik ere deitu izan diotela reality batera joateko, diru parrasta jarrita gainera eskura, eta ezetza eman ziela. Mezu positibo batekin bukatu zen Anitzele; hortaz, erredentzioa posible dela, posible dela bizitza berri bat hastea —hor sartu su-festa sorta—. Saioaren bukaeraren harira, baina, galdera gutxi batzuk egin zizkioten Euzkitzeri berripaper honetantxe ere. Eta kezkatuta agertu zen gizona. Arrazoiarekin. Krisi garaietan garrantzitsuena lehentasunak argi izatea dela zioen; eta, ondorioz, hauxe esan zuen: «Euskarazko kateak behar luke, nire ikuspegitik, xede nagusi. Ez ditzagun ahantz sorrerako helburuak».

Maria Gonzalez Gorosarrik ekarri digu berehala 1982ko ekainaren 2ko Euskal Herriko Aldizkari Ofiziala. Bertan irakur daiteke EITBk, hau da, «lege honen gai diren gizarte-adierazpideak […] euskal kulturaren suztapen eta zabalkundearekiko gure erapidetzaren oinarrizko lankidetasun tresna direnez ere, euskeraren suztapena eta zabalkundea bereziki kontutan izanik» egin behar dutela behar. Eta nahiko argi ez balego —idazkera administratiboa da, gaur 30 urtekoa—, aurrerago dio «kulturaren eta euskeraren suztapena» behar dutela oinarri-irizpide. Ez soilik jende saldoa, beraz, badirudi legea ere Euzkitzerekin bat datorrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.