Labur, sintetizaturik, lastoz gabeturik, egungo gizarteak agintzen duen bezain arin azalduko ditugu zertzelada batzuk.
•Apustua. Baietz, hemendik urte gutxi-gutxitara, janari-denda, supermerkatu edota azalera handian lehengai edo jenero gordina baino ugariagoa aurretiaz prestatutako produktua izan.
•Banatzaileak. Elikadura munduan ere etekin handiena ateratzen duena gutxien «zikintzen» dena da: banatzaile handiek prezioak ezartzen dizkiete ekoizleari eta erostunari eta, une jakin batean, ekoizlearen jeneroa eta erostunaren dirua dauzkate, batera.
•Berritzeaz. Berritzea berritzearren: Bilbo, Milan eta Singapurreko jatetxeetan janari berbera. Zorionak, sustrai eta irizpide sendorik gabeko sukaldari berritzaile huts guztiei.
•Bistronomia. Hau da, gastronomia, baina bistrot (frantsesez, bodegoi) prezioan. Alferrikako gastuak eta gehiegizko margenak gorabehera, profesionalak ongi eman dezake eta elikatze-modu hori eliteetatik herritarren artera hurreratu.
•Eguberrietako xahutzea. Hego Euskal Herrian, Eguberrietarako elikagaiak erostean ohikoa duguna baino %34 gehiago gastatu genuela zioen Consumer aldizkariak. Ez da datu ona. Hori baino okerragoa da erositako hori ez kontsumitzea. Edo gustura ez kontsumitzea.
•Etiketak eta iruzurrak. Marmelada baten etiketa: «Osagaiak: azukrea, %42; abrikota, %32; kanabera-almibarra, %26...» Hau da, azukrea + almibarra (ura + azukrea) = %68 eta fruta, %32. Hauxe da datua: %32, hirutik bat, herena baizik ez.
•Janari asko, denbora gutxi. «Jan asko eta denbora gutxi dugunez, gehiegi eta azkarregi jaten dugu maiz» (Zubietako amonak).
•Transgenikoak. Europa iruzurgile horretako legeriak produktuaren etiketan genetikoki eraldatutako organismoak dituela adieraztea ez dio behartzen ekoizleari; baina horrelakorik ez daukala adieraztea debekatua zion oraintsu arte.
•Zakarrontzia, onuradun (?). «Eguberri egunotan, ekoizten diren elikagaien %40raino jaurtitzen da Mendebaldean saltokiko zakarrontzira, eskaintza-eskaera legearen aginduz, banaketan hutsegiteak izatearren, etc. Erositakoaren %25 etxeko zaborrontzira doa, okerreko kalkuluen ondorioz.» (Europako Kontsumitzaile Elkarteen Federazioa, 2011).
Hortxe, dena, hiru minutuan, dohain eta aurrez digeritua.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Urtea hasteko, errepasoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu