Hain euskaldunak ez diren aurkezleak ETBn. Gogoratzen duzue indarrean den zuzendaritzaren ustezko erabaki hura? Aldaketa ekarri nahi zuten eta gauzatzeko neurrietako bat hauxe izango zela zabaldu zen: ETBko albistegietako aurkezleen aurpegiera euskaldunegia zela iritzita, trazu hain euskalduna ez zuten aurkezleak ekartzea. Emakumeek orrazkera laburrak zituzten, gizonezkoek iparraldeko (sic) ezaugarri fisikoak. Alberto Suriok, orduan, Antena3eko Lourdes Maldonado irundarrari eskaini omen zion postu bat informatiboetan: aurpegi polita, Euskal Herriko bereizgarri tipikorik gabea, baina, hori bai, bertakoa —albistea idatzi bezala ekartzen ari naiz hona, ez pentsa ezer asmatzen ari naizenik—. Tira, ez nago ados, euskal traza jakin batekoa iruditzen zait Maldonado, Amaia Montero eta Arantza Quirogak ere ordezkatzen duten euskaldun tipikoarena —bide batez, izugarri jartzen nauena, dena esan behar bada—.
Orain, ia hiru urte geroago, polemika itzalia dagoela, momentu batean pentsatu dut koska bat estuago eramaten ari ote ziren. Izan ere, eztabaida saio berri bat estreinatu du ETB2k, De boca en boca, eta notizia izan da aurkezlea izango dela Reyes Prados izeneko kazetaria, Euskadi directo-n ibili izan dena. Esan genezake Maldonadoren ezaugarri fisikoetan sartzen dela, eta, beraz, alde horretatik ez dagoela arazorik. Baina, jainko potzoloa, sevillarra dugu Prados, hahor koska. Eta momentu batean imajinatu dut entzun genezakeela Sevillako gaztelania ETB2n. Ederra litzateke. Dena normalidadearen alde, bistan da. Zergatik ez, Estitxu Fernandezi uzten badiogu, Pradosek ere egin dezala, ez dialektoan, baina gaztelania normatiboan ukitu andaluz batekin. Demasa.
Baina keba, ez zuen egin. Hor ere dezepzioa, eztabaida saioarekin oro har. Iñaki Urdangarin eskubaloi jokalari ohiari eskainia zegoen lehena, teleikusleei benetan inporta zaizkien gaiak lantzeko borondatea erakutsiz. Are, Maria Antonia Iglesias eta Iñaki Anagasastiren neurriko gonbidatuak ekarri zituzten. Ausarta, modernoa, apurtzailea, halatsu definitu dute De boca en boca. Bakar batean ere ez dute eman. Baina ikusleek erantzun egin zuten, aizue: %10,9ko kuota, 63.000 ikusle. Eta inpresioa daukat aipatu ditugun kezka linguistikoengatik izan zitekeela. Zer diozue, bestela, eskubaloi jokalari ohi baten ibilerengatik?
Komunikazioa. Ekografiak
Ukitu andaluz batekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu