Betidanik harritu izan nau hauteskunde batzuek gobernu aldaketa ekarri eta aldaketa horrek telebista publikoetako gobernu aldaketa ekarri arteko denbora tarte luzeak. Pentsa, Espainiako bozak iazko azaroan izan ziren eta aurtengo ekainean gaude dagoeneko, RTVEko presidente berririk gabe. Oraindik jarraitzen dute, beraz, aurreko gobernupean ezarritako agintari, zuzendari, kolaboratzaile, aurkezle eta abarrekoek. Aurreko gobernupean ezarritako ekintza lerroekin, pentsatzekoa denez. Eta zortea izan dute: tartean Espainian ez da beste hauteskunderik izan. Baina gogora dezagun momentu batez Frantziako kasua: sozialistek hauteskunde orokorrak irabazi, eta parlamentukoak izan dira handik gutxira—lagun batek txundituta: Frantzian bozak berriz?—. Imajinatu gobernu sartu berriak bere aurkariaren aldeko telebistarekin egin behar izan diela aurre azken hauteskundeei. Eta, kasu, kontuan hartzekoa da: jokaldia ez zaie gaizki atera.
Gauza da atzo aukeratu behar zutela RTVEko presidente berria, baina ez zutela aukeratu: PSOEk blokeatu egin zuen PPren hautagaiaren aukeraketa. Ez gaitezen larritu: oker handirik ezean, bihar aukeratuko dute, Gobernuak lege dekretu berri bat onetsi baitu, zeinaren arabera parlamentuaren gehiengoak RTVEko zuzendaria aukera dezakeen oposizioarekin ados jartzen ez bada —legeak orain arte akordioa egiteko eskatzen zuen—.
Hainbeste kalaka eta orain artean ez ditut aurkezpenak egin: Leopoldo Gonzalez Echenique izena du RTVEko zuzendari izango denak —Estatuaren abokatua, Rodrigo Ratorekin lan egin zuen Ekonomia eta Ogasun Ministerioan, eta Aznar agintean zegoela Zientzia eta Teknologia Ministerioan; curriculum ezin egokiagoa irrati-telebista publiko bat zuzentzeko—. Pasa den astean, izendapena onartu zenean, sakonago ezagutu genuen: edukien kalitatea eta albistegien neutraltasun eta egiatasuna nagusi diren eredu baten defendatzaile, korporazio moderno, lehiakorra izango du lehentasun, herritar guztien zerbitzura: «Ez dut Gobernuaren komunikazio politika zuzentzeko inolako bokaziorik». Eta emango dizkiogu egun batzuk, noski —eskuzabalak gara—, ehun edo nahi dituenak, bere gobernu ekintza zertan den ikusteko. Baina presidente ateratzeko lege dekretu bat onartu behar izatea, ez dakit ondo hasteko biderik onena ote den.
Komunikazioa. Ekografiak
Ondo hasteko biderik onena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu