Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Nafarroa surrealista

2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lizentzien azpijoko forala. Aireratu da Jimenez Losantosen es.Radio Iruñerrian; ultraeskuindarrek lortu duten hirugarren katea da, Azkoien eta Tuterakoaren ostean. Madrildik, Losantosen aginte pertsonalistatik bideratzen da programazio ia osoa; eskualdeko deskonexioetan, Cristina Altuna esatari nafarraren ahotsa aditzen da. Uhinetako operazio horrek badauka bere barrunbe esperpentikoa, nafar unibertso kontserbadorearen barruan ulertu beharrekoa; atzera eginda, Euskalerria Irratia bezalako herejeen baztertzaile den lizentzien adjudikazioetan dago errotuta. Net21 irratiak 1998an frekuentzia baterako lizentzia jaso zuen, baina laster utzi zion emititzeari, haren jabe Joaquin Gomezek bertako langileak kaleratu eta gero. Ondorengo urteetan berriro lortu zuen lizentzia Net21ek, eta Radio Marcari eman. Bada, lizentzia horixe da Losantosek eskuratu berri duena.

Pirinioetan, bizirik.Irati Irratiaren hogei urteak ospatzen ari dira egunotan Garraldan. Aezkoa eta Erroibarko eskualdeetako eta Luzaide, Orreaga, Auritz eta Agoizko bizilagunen kohesioa sustatzeko eta euskara zabaltzeko sortu zen irratia da (107,7 fm). Nahiz eta Nafarroako Gobernuak laguntza ukatu, badabil bazkideen eta udalerrien bultzadarekin. Aribeko estudioan egindako ekoizpenarekin, Leitza, Lizarra eta Aralarreko irratiarekin egindako konexioekin eta Arrosa irrati sareko programekin osatzen da. Arkaitz Almortza da haren ahotsa, kazetaritza eta ahozko komunikazioa zainetan borborka dabilzkion esataria. Hura da esataria, hura teknikaria. Beti pronto Pirinio eta Nafarroako gaur-gaurko kontu txiki zein handiak jasotzeko. Chris Stevens ekartzen digu gogora, Northen Exposure telebista saioan entzule surrealisten belarriak goxarazten zituen esataria.

UErik gabeko Pirinioak.EITBk maiatzean uhin ertaineko emisioak moztu izanak ekarri du galerarik: Euskadi Irratiak FMn daukan seinalea iristen ez zaien Pirinioetako mugaz bi aldetako bazterretan, euskarazko irrati publikorik gabe geratu dira. Euskara nahi duen euskal piriniar horri, soilik herri ekimeneko Irati Irratia, Irulegi Irratia eta Xiberoko Botza geratzen zaizkio. UEn, egun, Larraine edo Ezterenzubiko batek errazago aditu dezake Radio Murcia Euskadi Irratia baino. Horixe frogatu ahal izan berri du zutabe honen egileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.