Lankide bati bere helbide elektronikora iritsitako berri bat ekarri nahi dut gaurkoan zutabe honetara. Yaleko Unibertsitateko ikertzaile batzuek plastikoen antzera erraz molda daitekeen metala lortu omen dute. Aurkikuntza horrek izugarrizko aldaketa ekar dezake metalen mundura. Plastikoen antzera moldatu ahal izatea eremu berriak zabaltzen dizkie.
Materiaren egiturak substantzien portaera mekanikoa, termikoa.... zehazten du. Solidoetan ari garenean, gehienetan egitura kristalinoa daukagu; hau da, solidoa osatzen duten atomoak modu ordenatu batean jartzen dira espazioan, eta hiru dimentsioko sare kristalinoak sortzen dituzte. Egitura horrek metalen kasuan propietate optikoak, elektrikoak, termikoak eta mekanikoak zehazten ditu. Hala, metalak elektrizitatearen eroale onak dira, batzuk xaflakorrak dira, beste batzuk erraz harilka daitezke.... Bestalde, urtze puntu altua izan ohi dute; hau da, egitura hori apurtu eta atomoak elkarrengandik neurri batean bereizi eta jariatu ahal izateko energia handia eman behar zaie.
Aldiz, plastikoak euren pisu molekular handia dela eta, gainontzeko solidoak ez bezala, gehienetan amorfoak izaten dira, eta egitura kristalinoa agertzen dutenean ez da inoiz guztiz ordenatua izaten, eta material erdikristalinoez hitz egin ohi da. Plastikoen izaera amorfo horrek erraz moldatuak izateko aukera eskaintzen du. Plastiko horiek tenperatura asko igo gabe bigundu egiten dira, eta likido likatsuen modura portatzen dira. Biguntze horri esker, material plastikoak molde batean berotan daudela sartuz gero, molde horren itxura hartzen dute, eta, horregatik, neurri, forma eta itxura guztietako piezak lor daitezke.
Beharbada, hori da material plastikoak hain erabiliak izateko arrazoi nagusietako bat. Horren ondoan, aldiz, badituzte hain onak ez diren propietateak: denborarekin propietate mekanikoak galtzen doaz, itxura ere aldatu egin daiteke, horitu egiten dira... Kimikariek erabiltzen dugun hizkuntzan, degradatu egiten dira.
Yaleko ikertzaileek lortu duten material mota berri horretan beiraren eta metalen propietateak bildu dituzte, eta material berri horri «bulk metallic glass» (BMG) deitu diote. Horretarako, hainbat metal nahastu dituzte: zirkonioa, nikela, titanioa eta kobrea. Aleazio berri hori beira deformatzen den bezala deforma daiteke; hau da, beira puzten denean, nahi diogun forma eman eta beiraren itxura aldatu egiten da. Horretarako, nahikoa da beira berotzea, eta berotan moldatzea. Material horrek metalaren propietateak mantenduko ditu, baina, metal arruntak ez bezala, azkarrago lor daitezke hainbat itxuratako objetuak. Aipaturiko metalen aleazioa presio eta tenperatura baxuetan bigundu egin daiteke, moldearen itxura emanez, eta ez da kristalizatzen.
Zientzilariek pieza bakarreko botila bat lortu dute, eta medikuntzan erabiliak izateko inplanteak ere bai. Beharbada, etorkizuneko material berri baten aurrean gaude, batek daki!
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Metalak eta plastikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu