Maiatzaren 5ean zen, 1789. urtean: Versailles-en hasi zen Frantziako erresumaren Etats Généraux deitu asanblada nagusia. Frantziako Iraultzaren lehen urratsa izan zen, hortik Constituante asanblada Konstituzio berri baten eraikitzaile gertatu zelarik. Asperdura eta haserre garaiak ziren, aberatsen eta aristokraten kopeta ezin neurtuzkoa, pobreen mespretxua, legedi zuzengabezkoak, eliza nagusi konplize okaztagarri batekin. Duela 223 urte gaur zuzen! Frantzian, omen aldaketa nagusi baten bezperan gaude larunbat honetan. Nork daki ea bihar ez den hasiko batzuek itxaroten duten 6. Errepublika? Libertate, justizia, errespetu, berdintasun gehiagorekin.
Ez da aditu handi baten izatearen beharra ulertzeko orduko iraultza beharra bizirik dagoela oraindik. Aberatsen furfuria horrek irauten duela. Non da ezberdintasuna ote? Hizkuntzan parte handiz: denak demokraziaren izenean egiten baitira gaur egun. Plutokrazia hitza doi bat galdu da, aberatsen podera dio, baina egia da Hitler-en gobernuak eta Europako gerra aurreko faxismo politikoak asko erabili zutela mendebaleko estatu demokratikoak salatzeko eta gaitzesteko. Hizkuntza desbideratzea da gaurko akatsa, dena nahasten duena, jendearen manipulazioaren oinarri dela eta komunikabide menperatuen lanabes.
Gogoan izan dezakegu ere egun Bobby Sands abertzale irlandarra hil zela maiatzaren 5ean gose greba lazgarriaren ondorioz, 1981ean. Thatcher-en gobernuari esku gogorra ez zion inork aldarazi, ez eta lehendakari bidean sartzen ari zen Mitterrand sozialistak, eta beste hamar bat hil ziren berdin. Urtemugak gogoratzeko eta irakasbide.
Maratila
Maiatzaren 5ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu