Taberna eta jatetxe askotxo ari da ixten, krisi latza bizi duen mundu honen parte diren aldetik. Zenbaitetan, suerte onik izan ez dutelako eta bestetan, akaso behar bezain zorrotz jokatu ez dutelako nagusiek. Establezimendu horiek, oro har, Euskal Herrian aski maila politekoak diren arren, tentazio batzuetan amiltzeak bezeroen galera ekarriko zuela pentsatu izan dut behin baino gehiagotan.
Gauza batzuk garaiz ez zuzentzekotan, aurki itxiko den jatetxe batean egokitu gara joan den astean. Ostatu horretako kartaz ari gara. Ikusi batera, hutsune edo akats batzuk ikusi genizkion, hara:
a) Jatetxeko nagusiak, zerbitzariak eta bezero gehien-gehienak euskaldunak izanik, euskararen arrastorik ez zen ez kartan, ez letreroetan, ez fakturan… Erdaraz idatzita zegoen dena baina, hizkuntza horretan ere, akats ortografiko larri eta ugariak. Ai, ene!
b) Prezioak eta kontzeptuak ez zeuden eguneratuta. Garai honetan ez dago egiazko marmitakorik, itsaskiak Eguberrietatik poliki merkatu dira, onddoak ez dira freskoak...Karta hori ez da aldatu hiru urtean, gutxienez. Zuzenduta eta hamaikatan birzuzenduta zeudenak, ostera, preziobatzuk.
c) Ez kartan, ez aparteko orritxoan, ez zegoen ezer bereziki gomendaturik. Zerbitzariak ere ez omenzekien zer zegoen tentagarri. Etxeak ez omen zuen interesik horretan.
d) Aukera gutxi-gutxi zegoen, batetik, asteguna zelako (baina pertsiana altxatu duzu astegun horretan ere!); bestetik, negu garaia delako; bestetik, agian, merkatura joateko adorerik ez dutelako izan; bestetik… Edari kontuetan ere, eskas edo oso eskas. Ondorioz, haragia saltsan edo arrain frijitua gustukoa ez baduzu, barau. Ostalariak, ordea, jakin behar du prezioan aniztasuna ere sartzen dela, plus gisara.
e) Bazen jaki tentagarri bat baina… «Ez, hori amaitu da», izan zen zerbitzariak eguerdiko ordu bat eta erdietan eman zuen erantzuna. Hasi bezain laster agortu da? Nork eraman du, jangelan beste inor ez dago-eta?
f) Oilagorrak ostalaritzan saltzea debekatuta dago. Guk bisitatu genuen ostatuko karta urri-urrian oilagorra agertzen zen, haragizko lau aukeren artean.
Ongizatetik urruntzen ari gara, ezta? Jatetxera ez goaz gosea kentzera bakarrik eta hori profesionalak jakin beharko luke. Itxi aurretik.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Kartarekin jolas gutxi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu