Aurrekoan, Italiako sangoviese eta nebbiolo mahatsak izan genituen aipagai,besteak beste. Gaur, sangioveseari emango diogu tarte zabalagoa, hori baita Toscanako ardo handien oinarri nagusia.
Izena latinetik dator, Sanguis jove-tik; Jupiterren odola, hain zuzen ere. Badirudi Toscanan duela jatorria, eta, tradizioaren arabera, zibilizazio etruskotik omen dator, baina aipamen historikoak ez dira agertzen XVIII. mende hasiera arte.
100.000 hektareatik gorako lursailak hartzen ditu mahats horrek Italian. Mahats hori ia 200 ardo mota egiteko erabiltzen da, hirurogeita hamar bat herrialdetan.
Sangiovese grosso eta sangiovese piccolo dira dauden bi klonak, eta bost biotipo osatzen dituzte: Romagnako sangiovese, Montepulcianoko prugnolo gentile, brunello edo sangiovese grosso, montanino edo sangioveto piccolo, eta Scansanoko morellinoa.
Gorabehera hain handiak eskaintzen dituen chiantiaren oinarria da sangiovese mahatsa, inongo zalantzarik gabe ardorik nazioartekoena, ezagunena, baina beste ardo handi askoren errua ere mahats horretan datza. Kareharrizko zoruak eta ondo aireztatuak ditu gogoko; ez du kolore handiko ardorik ematen, eta aromen aldetik aniztasun handia erakusten du: arrosak, tea, petrolioa... baina ia beti lur usain ukitu berezi batekin. Azidotasuna ere nahiko nabarmena izaten du; eta alkoholari dagokionez, graduazio ertainekoa eta oxidatzeko nolabaiteko erraztasuna duela esan genezake.
Sangiovesearen ezaugarri aromatikoek aniztasun handia dute, mahatsa hazten den tokiaren araberakoa.
Brunelloak, adibidez, fruitu gorrien aromak ematen ditu, marrubiak, mugurdiak, marmeladak, baina baita lore usainak ere, bioletarenak batik bat, lehen esan bezala, lur usainak eta hirugarren mailako aromak: espeziak, tabakoa, alkitrana, bernizak... Adituen esanetan, aroma horien jatorria erabilitako haritz upel handietan (botti) aurkitzen da.
Chiantiek, bestalde, aroma abaniko handia eskaintzen digute: gerezi mingotsak, fruitu gorri helduak, bioletak, gladioloak, belar moztu berria. Montepulcianoko ardo nobleek, lur usainez gain, fruitu lehorrak, bioletak, onddoen usainak eskaintzen dizkigute, eta Carmignanon ardoztasuna, sikatutako loreak eta fruitu gorriak nabarmentzen dira.
Montalcinon ardorik bikainenek Poggio (mendixka) hitza daramate, eta Chiantin eta Montepulcianon Vigna edo Vigneto hitza daramaten ardoak izaten dira, oro har, bikainenak.
Sangiovesearen gorakada 70eko hamarkadan izan zen, brunelloen egonkortzearekin eta supertoscano-en sorrerarekin. Supertoscano-ak Chianti jatorri izenak ezartzen zituen arau zurrunegien aurkako erantzun moduan jaio zirela esan daiteke, baina hori beste batean kontatuko dugu. Ordura arte, gozatu Jupiterren odolak eskaintzen digun aniztasunaz eta kalitate bikainaz.
Elikadura. Ardoxka
Jupiterren odola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu