Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Jarri eta ez kendu

2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Gauza gutxi dugu; horretan zalantzarik ez da. Gauza gutxi dugu, eta gehiago lortu artean, gainera, ez gaude ezer oparitzeko moduan. Sentitzen dut, baina galera bakotza, denik eta txikiena ere, arbuiatu beharrean gaude; ez dugu besterik, etorkizunean zerbait hobea izan nahi badugu, behintzat. Gauza gutxi dugu, eta are dugu gutxiago Ipar Euskal Herrian. ETB ez da oraindik ere telebista nazional, nahiz bere seinalea nola-hala iristen den LTDaren bitartez Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoara. Primeran. Gainera, Iparraldearen orena, saio propio bat eskaintzen die euskal telebista publikoak Ipar Euskal Herriko biztanleei. Edo, barka, zeren gero eta konbentzituago nago saio hori Hego Euskal Herriko biztanleentzat dela gehiago, iparreko anai-arreba exotikoen berri izan dezagun, laburki bada ere. Kuota betetzeko, alegia. Tira, haiekin ez ahazteko balio badu, gaitzerdi, pentsatuko du baten batek. Eta, azkenik, —euskal— pastizaren ginga gisa, albistegi propio bat dute Frantziako telebista publikoaren hirugarren katean, France3 Euskalherri Pays Basque, zazpi minutuko oasia desertuaren erdian. Frantses ederrean, ia esklusiboki. Besterik ez genuen behar.

Albistegi propio bat dute, deskonexio bat. Dute, baina ez agian luzerako. Antza, egoera ekonomikoak neurriak hartzera behartuta, hainbat edizio lokal, tartean Ipar Euskal Herrikoa, oporretara bidaliko ditu France 3 kate estatalak, BERRIAk atzo aurreratu bezala: Santu Guztien Egunaren inguruan bi astez —urriaren 27tik azaroaren 12ra— eta gabonetan beste batez —ez dute zehaztu oporretako bi asteetako zeinetan—. Hiru asteotan, beraz, ez da izango, lehenengo aldiz orain hogei urte sortu zenetik, albistegia. Protestak abiarazi dituzte berehala, sinadura bilketa sarean. Grebara deitu dute hainbat sindikatuk, hain zuzen gaurko. Auskalo zertan geratuko den dena.

Batek pentsa dezake ez dela asko galtzen France3 Euskalherri Pays Basque kenduta ere. Gutxi dela Frantziako telebista publikoak Ipar Euskal Herriari eskaintzen diona. Ez dela ezer zazpi minutuko albistegi bat —komentatzeagatik, Espainiako telebista publikoak ez dio askoz gehiago eskaintzen Hego Euskal Herriari, Telenorte mitikoarekin—. Ados, eta berriz ados. Eta etorkizunean zerbait hobea izan nahi badugu, jarri bai, baina daukaguna ez kentzea ere lortu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.