Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Irrati bat gutxiago

2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Esan Erran irratia.Ultzama eta Basaburuko herritarrak gertu-gertuko irrati ahotsik gabe geratu dira ostegunaz geroztik. Biharamunean, berriz, Maitane Burusko bertako esataria azken aldiz entzun ahal izan zen, Eneida Carreño eta Oihana Gallo (Beleixe Irratia) eta Martin Juanenarekin (Aralar Irratia) batera; sarean elkarrekin egin ohi zuten irratsaioaren azken txanda izan zen. Euskalerria irratiko Txari Eleta esataria ere ondoan izan zuten. Nafarroan iraun bizi diren beste zenbait euskal esatarik elkarri animoak emanez jardun zuten, hitz-jario paregabea erakutsiz. Une mingots eta amorragarriak; poza eszenifikatua uhinetan, bihotzeko negar hotsa estaltzeko. Belategia behar zuen uneari baikortasuna erantsi nahirik gogotik. Juanenak aitortu zuen bezala, garaipen eguna izan zen ostegunekoa euskara Nafarroatik ezkutatuta nahi dutenentzat. Auzolanean, irratia berriro airatzen saiatuko direla zabaldu zaigu, kontsolamendu gisa; ea egia bihurtzen den.

Biok ala biak.Antzeko ideologia dutenen arteko tertulia (bitik bi, lautik bi…) baino gauza txiroagorik (eztabaida dialektikoaren ikuspegitik) nekez topa daiteke irratian. Halako kasuak nahi baino gehiagotan gertatzen ari dira EIn nahiz REn. Ostiralean, esaterako, Faktoria-k Luis Haranburu Altuna eta Xabier Olabarrietak osatutako solasaldia eskaini zigun. Joxe Joan Ugalde moderatzaileak, behintzat, eztabaida planoa izango zela aitortu zigun hasieratik, zintzoki. Ulergarria, solaskide bat edo besteren azken uneko hutsagatik izan baldin bazen. Hala ere, EIko profesionalek beti erakutsi izan dute iaiotasuna produkzio lanetan, ezusteei erantzuteko...

Itzultzen. Radio San Sebastianek konpondu gabeko arazo historiko bat dauka hizkuntzarekin; ez daki, edo ez du interesik irtenbidea bilatzeko. Dagoen dagoenean utzi, eta kito. Kontua da handitzen ari zaiola arazoa, bete nahi duen eremu soziologikoa gero eta euskaldunagoa den heinean. Herenegun, zuzenean eman zuten urrezko danborraren ekitaldia. Bi hizkuntzetan egin zuten hitza hartu zutenean Donostiako alkateak eta Fortunako ordezkariek, antzeko gauzak adierazteko. Bada, Raquel Rodriguez esatariak ahaleginak eta bi egin zituen euskarazko adierazpenak gaztelerara itzultzeko. Sarituak Hollywoodeko aktoreak edo auskalo nondik etorriak izan balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.