Lehenengo lauhilabeteko azterketak amaituta, 1. Mailako ikasleekin estreinatu naiz duela astebete. Irakasle gehienoi esplikatzen duguna oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eta eduki horiek gabe ikasleek hutsune galanta izango dutela uste dugu. Ez dago gaizki norberaren estima goian izatea, eta gure jakinduria aintzakotzat hartzea, baina azkenengo urteetan hezkuntza-sisteman «sufritu» izan ditugun etengabeko aldaketak direla medio, garbi daukagu eduki asko eta asko ez direla «hain garrantzitsuak», edo, beste hitz batzuetan esanda, gure eskolak nahi eta nahi ez moldatu behar izan ditugula. Horrexegatik, gero eta garbiago izan behar dugu etengabeko aldaketak dituen gizarte honetan zeintzuk izango diren gure ikasleek jaso beharreko ezinbesteko gaitasunak.
Atsegin dut unibertsitatera bildu diren gaztetxoei zientziaren habeak zeintzuk diren behin eta berriz azpimarratzea. Gauza asko eta asko esplikatzen ditugu, baina jakin egin behar dute lege, hipotesi, hastapen, teoria, e.a.-en artean dauden ezberdintasunez jabetzen. Gurea zientzia esperimentala da, eta izen horrek ematen dizkio bere ezaugarriak. Legeak beti betetzen dira, hipotesiak zerbaitetan oinarrituta proposatzen dira, hastapenak matematikoki azaltzea erraza izan daiteke. Baina, edozein modutan ere, esperimentuetan lortutako emaitzek egiaztatu egin behar dituzte proposatutako guztiak; bestela, bereak egin du. Eta datu esperimentalez ari garenean, behin eta berriz azpimarratzen diegu ez dela nahikoa behin lortutako datu soila. Gizakiok akats asko egin ditzakegu, batzuk nahita eta beste batzuk oharkabean; baina, horretaz gain, esperimentuari berari lotutako kontrolaezinezko erroreakgaindiezinak dira. Horregatik, estatistikak ematen digun aukeraz baliatzeko esaten diegu. Neurketak laborategian errepikatu egin behar izaten dira, eta datu horietatik tratamendu estatistiko egokiak erabiliz joerak, ondorioak edo emaitzak lortzen dituzte ikasleek laborategietan.
Etorkizuneko zientzialariak hezteko ardura daukagu; eduki asko eta asko liburuetan izango dituzte eskuragarri, Internet iturri amaigabea hortxe izango dute eskura, eta, horregatik, garrantzizkoena irakasleok euren irizpide kritikoa jorratzea eta lantzea da.
Hezkuntza-sisteman aldaketa sakonak proposatzen ari dira berriro ere. Espero dezagun egin beharreko aldaketak gizarte osoaren kontsentsua izatea, bestela politikariak aldatzen diren bakoitzean gaztetxoen hezkuntza alde batera edo bestera mugituz joango da.
Ezarian. Zientzia. Argialdian
Irizpide kritikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu