Iragan berri da Frantziako hauteskundeen lehen txanda, eta ezagunak dira emaitzak: Hollande nagusitu zaio Sarkozyri, eta Bayrou eta Melenchon geratu dira hirugarren eta laugarren, Le Penen aurretik. Tira, hori gurean izan da, estatuan Le Pen izan baita hirugarren, eta notizia nagusia —jakin arren Europan zehar ultraeskuinak ez duela gobernatzen, ultraeskuinak ez gaituela ekarri egun gauden lekura—. Ikusi behar Sarkozy gai den karguari eusteko, edo Hollande gailentzen zaion berriz, eta zerbait aldatzen den, ezer ez aldatzeko.
ETBko albistegietan izan genuen emaitza horien berri, noski, besterik ez genuen behar. Frantziako haustekundeen emaitzen berri eman ziguten, txintxo, eman ziguten bezala Andaluzia eta Asturiasko hauteskundeen emaitzen berri —gure inguruotan azkenaldian izan diren hauteskunde batzuk aipatzearren—. Hori bai, Frantziatik Euskal Herrira beti, hau da, lehenik estatuko berriak emanez, eta gero Euskal Herrikoak. Eta egia aitortze aldera, azken asteotan faltan izan dut hauteskundeoi apur bat kasu gehiago egitea ETBk, euskal populuaren zati nabarmen bat hunkitzen zuten neurrian.
Ez dakit; adibidez, Ipar Euskal Herriko alderdietako ordezkarien arteko eztabaida bat antola zitekeen, bakoitzak berea esateko, elkarri mokoka aritzeko, irainen bat trukatzeko; eta ez dute egin. Ez dakit; adibidez, Iparraldearen orena saioa balia zezaketen hauteskundeen berri zabalago emateko, errugbi partidaren ondotik, ardi esnearen aferaren aurretik; baina ez dute egin. Eta baliabide arazo bat bada, batetik: orain bi urte Ipar Euskal Herriko delegazioaren ardura hartu zuen ekoiztetxeak %40ko diru murrizketekin egin zuen. Gainera, hemendik gutxira beste lehiaketa deialdi bat izango omen da delegazioa kudeatzeko, eta auskalo nolako murrizketak, baldintzak eta trabak jarriko diren. Jakin dut erdira jaits daitekeela langile kopurua.
Baina borondate arazo bat ere badela ezin uka: ez hainbeste delegazioan ahal duen moduan ari den langilearena, baizik eta besteren gainetik etxea zuzentzen duenarena. Eta irismen zabalagoko arazoa da hori; oro har, interesatzen zaio gutxi Hego Euskal Herriko jende zintzoari Iparrean gertatzen dena. Izan ere, diruditen bezain frantsesak baitira, gu uste dugun baino espainolagoak garen bezala.
Komunikazioa. Ekografiak
Irismen zabaleko arazoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu