Kosta zaie, baina azkenik erabaki du ETBk J'ai une question à vous poser formula kopiatzea. Aurretik Espainia aldean kopiatu zuten, Tengo una pregunta para usted izenpean. Gogoratuko duzue, hainbat telebista momentu gogoangarri utzi dizkigu-eta, Carod-Rovirak «yo me llamo Josep Lluis aquí y en la China popular» jaulki zuenekoa, adibidez. Urriaren 21eko hauteskundeei begira estreinatu dute, beraz, euskal —ezen ez euskarazko— bertsioa, Euskadi pregunta, ETB2n. Eta lehen gonbidatua Laura Mintegi izan da, EH Bilduko lehendakarigaia. Gogoratzen duzue nola hasi zuen ETBk legegintzaldia, ezker abertzaleko kideei betoa jartzen? Eta begiratu nola bukatzen duen, lehen gonbidatu Mintegi ekarriz.
Lehen gonbidatu, orotara lau izango direnean. Gaizki. Lau hautagai elkarrizketatuko dituzte —Mintegi, Basagoiti, Lopez, Urkullu—, lehendakari izateko aukera dutenak direla argudiatuta. Oker. Aukera duten bakarrak, inkesta guztien arabera, bi baino ez dira; eta argudiaketaren arabera, edo bi horiek ekartzen dituzu, edo, zuzentasun politikoagatik, ordezkaritza duten edota lor dezaketen guztiak —horrek Gorka Maneiroren erriktusa berriz jasan behar izatea badakar ere—. Ezker anitzak salatu du boikot orokorra, baina besteak ados daude banaketarekin. Hartara, ondorioa da: bi alderdi ez, baina bai bi bloketan aurkeztea espektro politikoa, ideologikoki aurkakoak, eta aberriaren ikusmoldea ardatz bakar dutela —eta ez, adibidez, ezker-eskuina—. Mintegiren jardunaren analisi politikoa ezaguna izango duzue honezkero. Gauza bat atera nuen garbi: ez dela politikaria. Horrek izan ditzakeen gauza txarrekin, baina, batez ere, onekin. Eta oso gertuko ikusi nuela herritarrengandik. Eta, behar bezain garbi ez balego, berriz gezurtatu zuen famako egin den proposamen faltsua, EH Bildu Francoren pare jartzen omen zuena: ez du inoiz esan, ez defendatu gaztelaniazko hedabideen itxiera, tartean ETB2rena. Bai, ordea, euskara laguntzea, besteak beste ETB2n sartuz.
Euskarazko aurrez aurrekorik, ordea, ez da oraingoan ere izango: HamaikaTBk eskaini zien bi hautagai euskaldunei, baina Urkulluk errefusatu egin zuen. Eta zuzen planteatuta egon ez arren, ikusi beharko dira gainontzeko hiru Euskadi pregunta saioak. Asko izango baita jokoan datorren legegintzaldian, besteren gainetik, aro politiko berriaren egonkortzea.
Komunikazioa. Ekografiak
Herriak galde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu