Irratia greban.Bi jarrera deigarri, greba egunean estatuko irratiek utzi zituztenak. Irrati publikoak (RN) grebara jo izana, bata; igartzekoa da gobernuak gogoan hartuko zuela bere menpekoek hartutako jokaera. Bestea, SER kateko langileen erabakia: greba deialdiarekin bat zetozela adierazi arren, ohiko programazioari eutsi zioten egun osoan. «SER katea, komunikabidea den heinean, zerbitzu publikoa eskaintzera derrigortuta» dagoela esanez zuritu zuten beren burua. Politikarien adierazpenak jaso eta jaso, haien baliabide diskurtsiboak (edozertarako moldagarriak) bereganatu dituztela azkenean. Izan ere, zergatik ez ote ziren ausartu aitortzera zer arrazoik bultzatu zituen erabaki aski eztabaidagarria har zezaten? Ez ote zen izan mutu geratzeko zorabioak eman zielako? Zorabioa, emititzeko asmo argia zuten beste irrati generalista gehienen ondoan; zorabioa, haiengana ez ote zuten ihes egingo entzuleek? Besteak beste, Europako lehietako futbolzaleek?
Auzo lotsa.Sentimendu hori eragiten duen xextra eduki zuten Manu Maritxalar eta Jose Luis Kortak El Conquis saioan astelehenean (geroztik, ETB ondo asko ari da zukutzen sarean). Xextra gozagarria ikusle kuoten morroi diren programa egileentzat, eta xextra gozagarria gutako bakoitzak barnean daukagun morborako joera perbertso horrentzat. Labana zorroztuak airean ibili ziren platoan, hiruzpalau minutuz; tartean, EIko Tostartean irratsaioari buruzko barrunbeak. Mikrofonorik gabe biak modu batera jardun eta gero entzuleari kontrakoak adierazi izana leporatu zion Oriokoak Maritxalarri. Kortakeriak alde batera utzita, egia da antzeko tele-show-ek ez diotela batere onik egiten Maritxalarri, arrauna hizpide hartuta txukun moldatu ohi den irrati esale horri.
Pentsatzeko kontua.Ehun kiroletan indarrak neurtzeko desafioa elkarri botaka, nork zituen hankarteko handiagoak elkarri tentatzen ibili ziren Korta eta Maritxalar ETBn. Baliteke bi komikoen antzezpena besterik ez izana, ikusle tentelok eguneroko bazka katodikoa irents genezan… Baina akaso EIko kirol arlokoek ondo aztertu beharko lukete bikoteari nola atera zukua: esaterako, larunbatero, kirol bat hautatu ondoren, elkarren arteko lehia presta zezaketen, Hiru Erregeen Mahaia saioak zuzenean emateko moduan.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Hankarteko bikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu