Ane Muñoz.
Maratila

Hamar urte geroago

2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Hor nonbait entzun dut jadanik hamar urte daramagula bizitza eurotan ordaintzen. Ein? Dagoeneko 120 hilabete igaro direla pezetak, hogerlekoak eta betiko diru haiek desagertu edo baliogabetu zirenetik? Gutako askok oraindik pezetatan pentsatzen jarraitzen dugu eta!

Gogoratzen dut 2001eko Urtezahar gaueko afari hartan aitak bakoitzaren platerean txanpon dirdiratsu batzuk eta billete garbi bana ipini zizkigula —euro estreinatu gabeak ziren, noski— garai berriei ongietorria emateko, edo, agian, gau hartako parrandan tabernan zer edo zer kontsumitzeko aukera izan genezan.

Oso diru bereziak iruditu zitzaizkidan, arraroak, beste herrialde batekoak, ezberdinak, zailak... Imajinatu, bat-batean, euro bakar batek 166 pezeta balioko omen zuen aurrerantzean. Eta nola egingo genituen kontuak? Hasieran kalkulagailu edo bihurgailu berezi batzuk eramaten genituen sakelan; gero, pixkanaka, euroak pezetatan buruz itzultzera ohitu ginen, gutxi gorabehera zer ordaintzen ari ginen jakin eta asmatzeko ahaleginean.

Orain, hamarkada bat geroago, ze arrazoi duten itzultzea alferrik dela diotenek. Izan ere, euroaren 166 pezetako balio horrek ez baitu zerikusirik lehengo 166 pezeten balioarekin. Bizitzaren garestitze ikaragarria dela eta, berez ez al genuke euroa 300 bat pezetatan itzuli beharko?

Lagun bat dut ez zena bere garaian euroaren sarrerarekin fidatu, eta, badaezpada, beirazko botila batean urteetan bildutako 25 pezetako txanpon pila hortxe uztea erabaki zuen, inoiz pezeta itzuli eta afari bat egiteko balioko ziolakoan. Gizajoak diru horrekin egungo letxuga parea eta dozena erdi arrautza erostea lortuko balu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.