Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Gure Eurokopa partikularra

2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Larunbatean izan genuen euskal herritarrok gure Eurokopa partikularra: Euskal Herriaren eta Eslovakiaren arteko futbol partida —txantxaren bat espero zenuten Espainia-Frantziaren karietara? Lan hori utziko diet Italia, Irlanda eta Kroaziaren banderak jarri ondotik beren Interneteko irudia hutsik utzi behar izan zutenei—. Euskal Herria-Eslovakia. Ados, ez da gauza bera: partida bakarra izan zen eta, batez ere, emakumezkoen futbola. Et, et, ez hasi matxista-misoginoka; ez da nire gauza, Patxi Izko itzaltsuak esana da emakumeen futbola ez dela estetikoa —estetikaren gailurra Izko bera galtzamotzetan pilota baten atzetik irudikatzea den bezala—.

Tira, zer egingo zaio, geure txikitasunak bizi gaitu. Hori bai, partida sofan etzanda hankak gora zerbeza lata eskuan ikusteko aukera, hots, partida komodiosmanda ikusteko aukera eskaini zigun gure telebista publiko nazionalak. Ezen emakumezkoen futbol selekzioak lehen aldiz Euskal Herria izenarekin jokatu zuen egun historikoan, egoerak eskatzen zuen mailan aritu baitzen ETB: partida zuzenean eman zuten, eta albistegietan berria kirol ataleko lehena izan zen, egun berean jokatu zen Espainia-Frantziarenaren aurretik. Hori da telebista publiko nazional bati dagokion papera.

Gero, zerbait esan beharko dugu partidaz, kasu hauetan garrantzi gutxien duenaz: garaipena gureen aldekoa izan zen partida bibragarri baten ondoren, nahiz Txanton piperri ereserki nazional berriak esaten duenaren kontrara —«emango degu zainetako odol guztia»—, odol gutxi ikusi nuen nik zelaian Euskal Herriaren alde, jokalariren baten zauri txikiren bat kenduta.

Eta hori deituta zeuden jokalari ia guztiek jokatu zutela, Iparraldeko bi jokalari gomitatuek izan ezik. Tira, behintzat gomitatu zituzten Hegoaldeko eskuzabalek, ezin kexatuko gara. Baina ez dezagun nahas politikarekin kirola. Gehienik ere utz dezagun gure selekzioen geroa Espainiako tribunalen esku. Katalanek egin dute, eta ez zaie hain gaizki atera: nazioarteko partidak jokatu ahalko ditu Kataluniak, betiere Espainiaren kontra ez direnean. Vila-real B-ren sindromea dei genioke horri: ezin zuen igo lehen mailara, eta orain bigarren B mailara jaitsi dute lehenengo taldea bigarrenera jaitsi delako. Edo hori, edo Cristiano Ronaldoren Portugal har genezake aldi baterako kirol aberritzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.