Eider Carton.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Gurasoek jan zutena gara?

2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Jaten duguna garela esan ohi da, baina gure gurasoek jan, edan eta erre zutena ere bagara».Epigenetikaren heredagarritasunaz ari da Manel Esteller ikertzailea. Posible da banako batek bizitzan izan dituen aldaketa epigenetikoak bere ondorengoei transmititzea, geneak transmititzen ditugun bezala?

Genomaren erregulazioa aztertzen du epigenetikak; zergatik dituzten ezaugarri eta gaixotasun desberdinak gene berdinak dituzten pertsona, animalia eta landareek. DNAren sekuentzia aldatu gabe, baina geneen espresioaren eraginez, fenotipoan aldaerak agertzea eragiten duten mekanismoak biltzen ditu epigenetikak. Marka kimikoak dira, nagusiki bi: batean, molekula bat gehitzen da DNA sekuentziako gune jakinetan, eta isildu egiten da gene bat; bestean, DNAri paketatzen laguntzen dioten proteinatan gertatzen da erreakzioa, eta isilik zeuden geneak espresatzea eragiten du horrek.

Hain zuzen ere, patroi epigenetiko desberdinak dituztelako dira desberdinak gibeleko zelula bat eta neurona bat, eta, orobat, funtzionatzen dute desberdin. Emakumeok osorik dugu isilduta X kromosoma bietako bat. Epigenetika mekanismo fisiologiko arrunta da, eta ezinbestekoa, zelulak garatu, bereizi eta funtzionatzeko. Zelula-mota bakoitzak patroi epigenetiko mota bat du, eta bizidun bakoitzak ere berea du, espezie jakin bateko kide gisa. Ez hori bakarrik, patroi hori aldatuz joaten da banakoaren bizi-zikloan zehar. Enbrioi-aldian dugun patroia eta nerabezaroan duguna ez dira berdinak, eta helduaroan duguna ere bi horiek ez bezalakoa da. Azkenean, gizakiok genoma bakarra dugun arren, 150 epigenoma ditugu.

Ingurunearekiko genoma baino askoz ere sentikorragoa izatea da epigenomaren beste ezaugarrietako bat. Gainera, ugariago eta azkarrago gertatzen dira aldaketa epigenetikoak, genetikoak baino. Eta biziraupenean ez duenez genomak bezain eragin handia, zelulek ez dituzte garatu akats epigenetikoak zuzentzeko hainbeste mekanismo. Azkenean, bizi-ohiturek eta kanpo-faktoreek, hala nola erretzeak, jarduera fisikoak edo dietak, epe luzeko aldaketa epigenetiko iraunkorrak eragin ditzakete. Hain justu, genetikoki berdin-berdinak diren bikiak denborarekin desberdindu egiten direla aurkitu du Estellerren taldeak, zenbat eta bizimodu desberdinagoa izan, orduan eta gehiago.

Galdera, berehala dator: inguruneak eragindako aldaketa epigenetiko iraunkorrak obulu eta espermatozoideetan gertatzen badira, ondorengoek heredatuko dituzte? Azkar-azkar erantzunez: ez dakigu. Aukera horren aldeko aurkikuntza batzuk egin dira dagoeneko. Landare eta onddoen artean existitzen dira belaunaldietan zeharreko epigenetikaren adibide ondo dokumentatuak. Ugaztunetan, aldiz, urriagoak dira datuak, eta zalantzazkoagoak: saguetan eta arratoietan behatu dira ustez mekanismo epigenetiko bidez belaunaldi batetik bestera igarotzen diren eraginak, baina ez lehenengoa ez bigarrena ez daude oso argi.

Hartutako ezaugarrien heredagarritasunaren kontra daude, ordea, beste bi faktore hauek: batetik, marka epigenetikoen kopiatze-mekanismoak hutsegite-tasa altua izatea, markak modu egonkorrean transmititzeko zailtasunak eragiten dituelako horrek; eta, bestetik, ugaztunen enbrioiek ia marka epigenetikorik gabeko garapen-aldi bat izatea, reset moduko bat.

Edonola ere, epigenetika-mota honek jendearen irudimena harrapatzen du berehala — nirea bai gutxienez—. Inguruneak fisiologian eta portaeran duen epe luzeko eragina azaltzeko balizko mekanismo bat ikusi dute askok hor. Beste batzuentzat, Adrian Bird ikertzaileak Nature aldizkarian argitaratutako Perceptions of epigenetics artikuluan esaten duen moduan, «bizitzan hartutako marka epigegenetikoak gurasoengandik seme-alabengana pasatzea posible izateak hain du kutsu lamarckar erakargarria, zaila baita determinismo genetikoaren balizko antidoto gisa ez hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.