Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Gora 'Sautrela', beraz

2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Dramatikotasuna muturreraino eramanda, esan genezake gaur dela Sautrela ondorengo bigarren eguna. Baina, tira, dramatiko jartzea ez dator bat gure izaerarekin. Eta, gainera, mezu positiboarekin bukatu nahi izan zuten igandean saioa. Ez bakarrik igandeko saioa, baizik eta saioa bera: oraindik despistaturen bat geratzen bada, Sautrela behin betiko bukatu baitzen pasa den igandean. Egindako lanari gorazarre, letrei berriz tarte bat noiz eskainiko zain, agur esan zigun Hasier Etxeberriak burua jaso, irribarrea ezpainetan. Sautrela hil da; gora Sautrela, beraz.

Eta agurra ez zen izan nolanahikoa: Ramon Saizarbitoria izan genuen saioak iraun zuen hogeita hamar minutuetan. Elkarrizketa pausatua, mamitsua, orobat jakingarria. Luxua, gaur egungo telebistarentzat. Literaturaz, kulturaz saio ezin interesgarriago bat egin daitekeen adibide. Maila ematen duen jendea baitugu elkarrizketaren alde banatan nahiz kameren atzealdean.

Gorputz txarrarekin geratu naiz, hala ere. Ez soilik Sautrela-renak egin duelako, ez literaturaren berri euskaraz eta ezin txukunago jasotzearen pagotxa bukatu zaigulako. Beste hain- batetan gertatu bezala, egia da, baina oraingoan ere inolako protestarik, inolako ahots-altxatzerik, inolako purrustadarik egon ez delako jarri zait gorputz txarra. Ezta, hasteko, literaturarekin inplikatuta gaudenon artetik ere. Et, et, erantzunak izan dira, esango du batek. Baina tuit batean kabitzen da gure haserrea? Et, et, artikuluak idatzi izan dira, hunkigarriak horietarik ez gutxi. Baina izan dira testu nekrologikoak, izan ez direnean hagiografiak. Inor gutxik sinetsi izan duela zinez ezer salba zitekeela.

Eta, Xabier Gantzarainek beste testuinguru batean galdetu bezala, nola eusten diogu hainbeste? Zergatik isiltzen gara? Zerk inarrosiko ditu gure barrenak honezkero? Gizona, literaturaz ari zara, nola nahi duzu literaturak ezer inarrostea?

Baina jada ez da literatura bakarrik, edozer gauza da jada. Eta, ados, ni ere geratuko naiz zain, besoak gurutzatuta, izarren konjuntzio berri bat noiz gertatuko. Ea noiz eroriko zaigun zerutik, ez bakarrik literaturari buruzko beste telebista saio duin bat, baizik eta kulturari merezi duen tartea egingo dion ganorazko telebista publiko bat. Ez balitz eroriko, ordea, banekike nondik hasi kontu eske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.