Oporretako usaina izaten duten gau epel eta atsegin horietako batean, ezin lokarturik, balkoira irten nintzen. Giro baketsu hartan, bi gaztetxo ikusi nituen, bizikleta berean, kontrako norabidetik hurbiltzen. Zoroarena egiten zebiltzan, alde batetik bestera, oker-oker eta kar-kar-kar, edan eta erretzearen eraginak lau haizeetara zabaltzen. Halako batean, batek zigarro potoloa lurrera bota eta besteari azkarrago joan zedin eskatu zion, ozenki. Jakina, atzetik ertzainen autoa baitzetozkien.
Akabo festa!
Gazteek etxera zihoazela eta ez zutela deus txarrik egin esan arren, ertzainek gainean zuten guztia erakusteko agindu zieten. Hurrengoa zer izango zen jakinminez, balkoian makurtu eta hostoz beteriko landare eder baten atzean kamuflatu nintzen. Badaezpada. Txoko hartatik zertaz ari ziren ondo ulertzen ez banuen ere, jakingurak atrapatuta geratu nintzen. Minutu luze batzuen ondoren, beste bi ertzain azaldu ziren mutilen parranda errotik moztera. Harrituta eszenari so nengoela, batek ustekabean balkoirantz begiratu zuen. Hura beldurra, iluntasun hartan hosto artean ezkutatua egonagatik besterik ez bazen ere, susmagarri itxura nuen, hura zen eta hura tuntun honen piura!
Burua zirrikitu batetik agerraraztera ausartu nintzenean, gazteak joaten ikusi nituen. Ufa, amaitu da kontrola. Hasi nintzen zutitzen, eta… zer? Hirugarren auto bat nire balkoi azpia okupatzen! Paranoiak jota edo, arrastaka eta argirik piztu gabe, oheraino joan nintzen. Sei ertzainen kontrolpean lotara. Ohean nengoela, ordea, zera pentsatu nuen: nik ez dut-eta deus egin, zergatik nago izututa, ohean sartuta?
Maratila
Gaueko arnasestuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu