Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Galiziar guztien telebista

2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Katalanekin ahaztuta dauzkagu galiziarrak, egia da, baina merezi dute egunotan ere begiradatxoa. Besterik ez bada, hango irrati-telebista publikoak duen egoera ezagutzeko —eta, ahal dela, gurerako irakasbideren bat ateratzeko—. Ez alferrik, jomugan baitago azken garaiotan, are hauteskunde kanpaina honetan, Corporacion Radio Television de Galiza (CRTVG) delakoa. Alderdi Popularrak gobernatzen daramatzan hiru urte eta erdi hauetan, kritika hauek bildu ditu curriculumerako: Galiziako irrati-telebista publikoak merkataritza elkarte bilakatu izana; aurrekontuak gutxitu izana; kapital pribatuari ateak ireki izana; eta, are, langileen kaleratze kolektiboak aplikatu izana. Imajinatu ere ez dut egin nahi, galiziarrek lau urte gehiago emango balizkiete igandean, zer egiteko kapaz liratekeen Feijooren neska-mutilak.

Hasteko izan zen Lei de medios públicos de comunicación audiovisual deiturikoa onartzea, besteak beste irratia eta telebista bateratzea, PP-PSOEren aldeko bozekin eta BNGren oposizioarekin. Etxetik bertatik izan zen gogor kritikatua, pribatizazioari eskua ematen ziolako, eta instituzioaren kontrol politikoari besoa. Horrek ekarri zuen, orain urtebete, protesta egun garrantzitsu bat CRTVGko langileen partetik. BNGk ere 85 zuzenketa aurkeztu zituen parlamentuan, helburu hauekin: entitatearen izaera publikoa mantentzea; mendekotasun instituzionala bertan behera uztea; hizkuntza galegoa blindatzea; eta langileen eskubideak segurtatzea. Zuzenketa bakar bat ere ez zen onartu.

Hauteskunde kanpaina honetan berritu dira korporazioari egindako kritikak. PSOEk, aipatu dugun legea babestu zuenak, Television de Galiciak kanpaina guztian erakutsi duen pluraltasun politiko eta neutraltasun informatibo falta kritikatu du. BNGk, berriz, behin baino gehiagotan salatu du telebista publiko galiziarraren eskutik jasan duen isiltasun mediatikoa.

Hala ere, dena ez omen dago galduta Galizian. Analisi politiko fina duen lagun galiziar batek esan dit urduri dabilela, aztoratuta, uste baitu esperantza printzaren bat izan daitekeela igandean. Eta nik sinisten diot, sinistu nahi diot, eta horrexegatik izango dut begi bat Jaurlaritzarako hauteskundeen gainean, eta bestea, ezkel geratzeko beldurrik gabe, anai-arreba galiziarrengana begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.