Maratila
Galgo ederra
Adrianok ez zuen despeditzen ahal izan Antinoos. Bezperan ikusi zuelarik, lehoi larruan erdi-etzana zegoen. Gauaz ohartu zennegarrez «hormatua» zuela aurpegia... «Nekatua naizelako...», zion erantzun Antinoosek. Biharamunean, bazihoala kurri... Zehaztu gabe nora zihoan, eta zenbat denboraz. Ikusiz ez zela heldu, Adriano kezkatzen hasi zen. Berantetsirik, Niloren bazterretan bilatu zuen bere «galgo ederra»... Ur hegian, tenplo erdi eroriaren inguruetan. Ilunabarrez. Han, berriki norbaitek eskaini sakrifizioaren hautsak ikus zitezkeen. Eta Antinoosen ile kuzkur beltz batzuk moztuak. Urrunago, haren sandaliak eta soinekoa, kasu eginez plegatua. Antinoosen gorputza itoa atzeman zuten. Adrianorentzat oro itzali zen. Nilo ibaia trebesatu zuen gero, Hermopolaseko baltsamatzaileei gorputzaren uzteko. Yourcenarrek gutxi gorabehera horrela du imajinatzen Antinoosen heriotza. Ordea, bere buruaz beste egin ote zuen zinez? Ez dakigu. 1550 inguru, Pirro Ligoriok hautsiak diren hiru marbre gorrizko estatuak aurkitzen ditu Villa Adrianan. Hiru soin. Olibondo hostozko koroekin hiruak. Burusoilak hiruak. Gizon gazteen bustoak. Hiru soinak gaur Parise, Erroma eta Venezian ikus daitezke. Uste izan da luzaz kirolarien itxurak zirela. XIX. mendean, argitu zen Louvrekoa Isisen apeza zela. Hiruak hala zirela. Ordea, Isisen apezak gizon zaharrak ziren, usaian. 1997an, Serena Ensoli arkeologoak argitu zuen Antinoosen itxurak zirela hiruak. Isisen apezaren itxurarekin Antinoos... Adrianok Inperio guzian eraikiarazi zituen Antinoosen estatuak. Tenploetan adorarazi zuen. Antinoos ito zen lekuan Antinoupolis zen eraiki...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu