Koldo Nuñez Betelu.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Fosil gehienak aurkitzeke

2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Paleontologiak asko aurreratu du azken hamarkadetan. Etengabe arakatu da Lurraren azala han eta hemen, eta aurkikuntza ugari egin dira. Azalean agertzen ziren fosilak biltzen ziren hasieran, indusketa handirik egin gabe. Azalekoak bilduak ziren heinean, indusketa gero eta zehatzagoak egin behar izan ziren. Duela 180 urte, Darwin Argentinara Beagle-n iritsi zenean, bertako panpan eta beste hainbat tokitan lurraren azalean bertan bildu zituen animalia askoren hezurren fosil ikusgarriak. Bilduma handiak egin zituen, eta zenbait espezie berri aurkitu, zientziari ekarpen ederra eginez. Fosilak, besteak beste, giltzarrietako bat izan ziren ondoren garatutako Eboluzioaren teoriarako. Garai hartan munduko leku asko oraindik esploratu gabe zeuden, eta zientzialariek erraz aurki zitzaketen fosilak arroka sedimentarioak zeuden lekuetan. Baina lurraren azalaren gehiena behin eta berriro miatu izan da, eta fosilak gero eta urriagoak bihurtu zeruaren azpian.

Hala ere, duela aste batzuk Argentinan bertan, Buenos Airesetik 40 bat kilometrora aurkikuntza handia egin dute bertako harrobi batean. Guztira, 300 animalia fosil baino gehiago aurkitu dira, mila metro karratu eskaseko azaleran; duela 30.000 mila urte inguru ibai handi baten meandro fosila da ingurunea. Animalia handien eta txikien fosilak dira, eta denetarik dago: arrainak eta anfibioak, dortokak, hegazti txikiak eta handiak, urtxintxa eta lepahorien antzekoak, nagi erraldoiak, zaldiak, oreinak, gliptodonte baten kumea, gamelu erraldoi baten antzeko burezurra eta mastodonte talde ederra ere bai. Fosilen izugarrizko kontzentrazioa da eta altxor preziatua paleontologoentzat, bertan informazio handia gordeta baitago.

Horrelako aurkikuntzak oso urriak izaten dira, baina inoiz gertatzen dira. Lehenengoetariko bat Belgikako ikatz-meategi batean gertatu zen 1878an. Meatzariek hezur handi batzuen fosilak aurkitu zituzten eta abisua eman zuten. Bertan, guztira, 38 Iguanodon handien eta bi krokodilo primitiboen fosilak aurkitu ziren, arrainekin, anfibioekin, landareekin eta beste fosil askorekin batera. Luis Dollo izan zen ikerketaz arduratu zen paleontologoa, eta bere bizitzaren 40 urte eman zituen bertako fosilak ikertzen. Iguanodon izenak iguanaren hortza esan nahi du, animalia horren haginek antza baitute igaunakoekin. Guztira, 100 hagin zituen eta dinosauro horren gorputzak hamar metroko luzera eta bost metroko altuera zuen. Elefantearen antzera mugitzen omen zen, lau hanketan eta herbiboroa zen Behe Kretazeoko animalia hau. Buztan handia eta laua zuen, eta orekarako balio zion. Gideon Mantellek aurkitu zuen lehenengoa, eta egungo iguanen antzekoa zela pentsatu zuen, haginetan oinarrituta. Ondoren, Owen paleontologo famatuak beste itxura bat eman zion, erdi krokodiloa, erdi errinozeroa. Belgikako aurkikuntzak egin zirenean, animalia horren fosilak biderkatu egin ziren, eta Dollok beste itxura bat eman zien. Atzeko bi hanketan paratu zituen Iguanodonak; horretarako, buztana tripode gisa erabiliz, eta mihi luzea irudikatu zion zuhaitzetako hostoak jan ahal izateko. Horrela muntatu zituen Dollok Bruselako Natur Zientzien Museoan 30 Iguanodonen hezurdura fosilak, eta bertan ikus daitezke oraindik. Hala ere, beranduagoko ikerketek frogatu zuten dinosauro horiek lau hanketan ibili ohi zirela eta oso gutxitan zutitzen zirela atzeko hanken gainean.

Bai Belgikan, bai Argentinan eta bai munduko beste toki bakar batzuetan aurkitu izan dira ehunka animalia fosilen aztarnategiak. Urriak badira ere, aztarnategi horiek egon badaude, eta hurrengo urteotan berriz ere aurkitzeko aukera hortxe dago. Laster, gure hemisferioan uda hasiko da, eta, harekin batera, paleontologo askok ekingo diote landa-ikerketa eta aztarnategiak lantzeari. Urtero bezala, udazkenetik aurrera laborategietan ariko dira bildutakoa aztertzen eta ezagutza berria garatzen. Batzuetan, lurraren azalean fosil bakar batek beste askoren bidea erakusten digu. Hortaz, zerbait ikusgarria aurkituz gero, hobe adituak deitzea haiek izan daitezen indusketaren arduradun. Fosilek iraganari buruzko informazio handia gordetzen dute. Iraganak etorkizunerako ere baliagarria izan daiteke. Zaindu ditzagun, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.