Beste hauteskunde kanpaina bateko beste elkarrizketa saio bat izango zela uste nuen. Tira, bai, ustez jende arrunta galdezka jartzearen anekdota dauka, sinpatikoa izan zitekeen, informatiboki asko ekartzen ez badu ere. Keba, bigarren saiorako lehertu da polemika: antza bizpahiru sator zeuden joan den ostiraleko Euskadi pregunta-n. Hala atera du behintzat Xigor Gezala pseudonimoak Zuzeu agerkarian. Baieztapenak oinarria hemen du: Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiari galdera paratzen zioten 30 galdetzaileen artean PPko militanteak omen dira bizpahiru.
Eta hori jakinik bestela hasten gara irakurtzen saioa, bestela ikusten bertako galderak, konspirazio bat egon dela osatu-esateraino. Har dezagun arnasa pixka bat. Ados, ez da txukunena elkarrizketatuaren alderdi bereko bizpahiru militante gonbidatzea hari galdetzeko. Itxurosoagoa litzateke oinezko herritar neutro apartidistak gonbidatzea. Nekez bilduko genituzke 30, ordea. Gero dago galdetzaileak aukeratzeko prozesua: hautaketaz arduratzen den Bildarte enpresaren webgunean eman dezakezu izena. Edozeinek. Eta ez zait hain harrigarria iruditzen PPko hainbat militantek izena ematea eta enpresakoek bizpahiru horiek hartzea—eta ezaugarri hori jakin gabe— EAEn PPk duen indar politikoaren errepresentazioaren zati gisa —gehiago ere bazeuden, portzentajean 30etik bizpahiru baino handiagoa baita PPren indarra—. Baina garrantzitsuagoa: ez dut uste hil ala bizikoa denik lagun horiek PPko boz-emaile, jarraitzaile, militante edo kargu publiko diren. Begiratu galderak: berdin iruditu zitzaidan galdetegia inokuoa Laura Mintegirentzat ere. Hastea zenbatzen zenbat galdera ziren Basagoitiren sokakoak absurdoa da. Esango didazue Mintegi larri ibili zela saioaren uneren batean. Ondorioz, ez dut elementu nahikorik zalantzan jartzeko Africa Baetak aipatzen duen mekanismoa: galdegileak EAEko lagin dira, nahi dutena galdetzen dute, elkarrizketatuak ez ditu galderak ezagutzen.
Baina denetan garrantzitsuena: uste dut eztabaidatu beharko genukeena saioaren formatua dela. Pentsa, inoiz eman duen galderarik konprometituena Zapaterori kafe baten prezioa eskatu zioten hura baita.
Komunikazioa. Ekografiak
Formatua bera ezbaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu