E z omen da egia mundua ederren eta itsusien artean banatzen dela. Nonbait, berriki jakin dudanez, hirugarren kategoria bat bada: ez-guapoak. Zaila litzateke, halere, ez-guapotasuna zertan den definitzea. Zer ez diren badakigu; zer diren, ordea, misteriotsuagoa da. Haiena ez-kontzeptua da, kontzeptua baino gehiago.
Ez-kontzeptuak, politikan, emankorrak izan dira. Euskal Herrian, konparaziorako, nazionalistak eta ez-nazionalistak bide ditugu. Nafarroan, ez-nazionalista izateaz gain, PSN ez-koherentea da, edo, bertzenaz, ez-sozialista; edo, auskalo, beharbada biak batera —ezjakina izanik, ezinen nuke erran—. Roberto Jimenez, lider ezdeusa denez, etengabe ari da keinu eta sasimehatxu teatralak egiten, publiko gero eta (nire ustez) ezaxolatiago batendako, «nahi eta ezin» esamoldeari buelta emateraino: ezin eta, gainera, nahi ere ez.
UPN eta PSN, bertzalde, ez-identitarioak ere badira (edo —ezberdina dena— hala diote), eta hortik ezezkoetan oinarrituriko haien politika: ez ETB Nafarroan ikusteari —bai, ordea, Aragoiko telebistari—, ez euskarazko hedabideei laguntzarik emateari —bai, ordea, NavarraTVri—, ez D eredua bultzatzeari —bai, ordea, ingelesezko ereduari—.
UPNri ematen dion babesa justifikatzeko tenorean, denak dira ez-arrazoi PSNren partetik. Nagusia, halere, hauxe: Bildu da alternatiba bakarra. Honi ezezkoa ematea omen da hari behin ere hutsik egin gabe baietz errateko motiboa. Eta, gibelean, jende ez-identitarioaren artean ezohiko behar lukeen beldurra: Bilduk, antza, ez-espainol bihurtuko gintuzke, ez-kontzeptu.
Dagoeneko PSN ez-kontzeptua ez balitz bezala.
Maratila
Ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu