Hau da, hazkurri kontuetan nor bere eskuko izatea, aginduko dion nagusirik ez izatea. Hitza indarrean sartu berri da, abertzaleak gobernu-aukeretara gerturatzean, programak aurkeztearen ondorioz. Kontzeptua, estreinakoz, FAO erakundearen Erromako Gailurrean (1996) Via Campesina erakundeak zazpi zutabetan oinarritu zuen eta, geroztik, mundu zabaleko altermundialistek (bestelako mundua lortzearen aldeko pertsonek) zehaztu eta egokitu dute. Hona funtsak:
1. Janaria funtsezko eskubidea da, gizakiari zor zaiona, eskuragarri, kulturalki egokia, osasuntsu bizi ahal izateko adina. Nazioak aldarrikatuko du janaria eskuragarri izatea eskubide konstituzionala dela.
2. Nekazaritza erreforma ezinbestekoa da nekazariei eta lurrik gabekoei lantzen duten lurraren jabetza eta kontrola emateko eta herri indigenei lurraldeak itzultzeko. Eskubide honek ez du mugarik.
3. Natur baliabideen (ura, lurra, haziak, abere arrazak) babes eta erabilera jasangarria sustatzea. Lurra lantzen duenak baliabide horien kudeaketa jasangarria praktikatzeko eta bioaniztasunaren jabetza gordetzeko eskubidea du.
4. Elikagaien merkataritza bestela antolatzea. Janaria elikagaia da, batez ere, eta ez salerosketako gai hutsa.
5. Gosearen globalizazioarekin amaitzea. Premia larria da espekulazio-kapitalak erregulatu eta zergapetzea.
6. Bake soziala. Indarkeriatik aske bizitzeko eskubidea zaio edonori. Janaria ezin da arma modura erabili.
7. Janaren kontrol demokratikoa. Baserritar txikiak zuzeneko parte hartzea izan behar du nekazaritza politiken sorreran.
Elikagai- edo elikadura-segurantziarekin lotura hertsia duen kontzeptu berria da,
a) molde zaharrak suntsitzeko arrazoiak erakusten dituelako,
b) tokian tokiko barne-merkatuari dakarkiolako babesa nazioarteko merkatuaren bidegabekerien aurrean eta
c) Merkataritzaren Mundu Erakundearen egungo nekazaritza-merkatuen antolakuntzarekiko haustura aldarrikatzen baitu.
FAO erakundeak definitu zuen elikadura-segurantziaz harago, subiranotasunak elikagaiak ekoizteko modua (ingurugiro eta gizarte arazoez kezkatzea, famili enpresak eratu eta bultzatzea, emakumea aintzat hartzea, lekuan lekukoa eta garaian garaikoa lehenestea…), jatorria (biologikoa, ez transgenikoa) eta helbidea (gertuko merkatua, elikatzea eta ez espekulatzea, elikagaiak nahita ez suntsitzea) lehenesten ditu, elikagai merkeegien inportazioak ondorioztatzen baitu tokiko nekazaritzaren eta nekazal populazioaren ahuldadea, gainbehera eta, luzera, heriotza.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Elikadura subiranotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu