Zin degizuet saiatu naizela gogotik, izan ditudan indar guztiekin saiatu ere —noski, asko-asko ere ez dira indarrok, ez pentsa euskal Hulk baten aurrean zaudetenik—. Baina etsi egin behar izan dut azkenerako: ezin izan ditut, nahita ere, telebistako hauteskunde elkarrizketa guztiak ikusi. Joan den asteartean hasi zuten erronda Hamaikan, Laura Mintegirekin (EH Bildu); biharamunean Idoia Mendia (PSE) gonbidatu zuten, ostiralean Mikel Arana (EB), eta astelehenean Iñigo Urkullu (EAJ). PPkoak ez ziren joan, agenda arazoengatik. Gurean gaur saioan ere ari dira: astelehenean Ezker Anitza, atzo PP, gaur PSE, bihar EH Bildu eta etzi EAJ. Gaur bertan Esatea libre berezia izango da, EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta Ezker Anitza-ko ordezkariekin.
ETBn ez dira atzean geratu. Hemen jarraipen zabala —akaso zabalegia— egin genien Euskadi pregunta haiei: Laura Mintegi (EH Bildu), Antonio Basagoiti (PP), Patxi Lopez (PSE) eta Iñigo Urkullu (EAJ) pasatu ziren bertatik. Joan den asteazkenean egin zen ETB2n aurreneko mahai ingurua, Andoni Ortuzar (EAJ), Isabel Zelaa (PSE), Arantza Quiroga (PP), Oscar Matute (EH Bildu), Jose Navas (Ezker Batua) eta Gorka Maneirorekin (UPD). Biharamunean izan zen ETB1en txanda, Joseba Egibar (EAJ), Jon Azkue (PSE), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Laura Garrido (PP) eta Gorka Maneiro (UPD) gonbidatuta. Gaur ETB2n lau lehendakarigai (EAJ, PSE, PP, EH Bildu) izango dira. Eta biharko ETB1ekoan, Iñigo Urkullu (EAJ) eta Laura Mintegi (EH Bildu) izango dira lehendakarigai bakarrak. Eta ez ditut sartu elkarrizketa indibidualak. Nahasmendu hori ikusirik, bi ondorio: Gorka Maneiro une oro egon dela pantailan —pentsa, Facebookeko talde bat ere sortu dute, Gorka Maneiroren lan karga gutxitzearen alde; suerte pixka batekin langabezian geratu da aurki—. Eta ikaragarria iruditzen zaidala elkarrizketa kopurua.
Katalanekin ahaztuta dauzkagugaliziarrak, baina haiek ere bozak dituzte igandean. Eta telebistan eztabaida saltsa izan dute: Alberto Nuñez Feijoo (PP) eta Pachi Vazquez (PSdeG), Pachi Vazquez (PSdeG) eta Francisco Jorquera (BNG), Alberto Nuñez Feijoo (PP) eta Francisco Jorquera (BNG). Saltsa handiena, ordea, irrati-telebista publikoan bertan dute: ika-mikaren erdian, partzialtasun informatibo eta gobernu kontrolagatik. Hobeto gaude, bai, orain ekialdera begira.
Komunikazioa. Ekografiak
Ekialdera begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu