Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Denborari denbora bestela

2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ariketa arriskutsua zen, badakit. Nire gain hartzen ditut esperimentuak eragin ahal izan dizkidan ondorio guztiak. Baina egin beharra zegoen, beste irtenbiderik ez zen. Goenkale ikusi behar izan nuen astelehen gauean. Eta badakit itzulerarik gabeko tunel beltz batean sartu naizela orain, bizkarrean eraman beharko dudala pisu hori mundu honetan geratzen zaizkidan egunetan. Baina ulertuko didazue berehala: Koldo hil egiten zen, edo hori iragarri zuten bederen, gero praktikan ez baitzitzaidan hain argi geratu. Koldo, telesailaren hasieretatik jarraitzen zuen pertsonaia bakarra, egiazko gerra beteranoa, 18 urte luzez euskal etxeak —euskal andreak ez esatearren— alaitu dituen Koldo gogoangarria.

Eta, ezer baino lehen, kolpetik, denboran eginiko atzerako bidaia izan zen. Oso atzerako bidaia: musikatxoa pasata —berria behar du, ez zidan inolako oroitzapenik ekarri—, lehen irudiek kolpetik eraman ninduten urte asko atzera, gehiegi. Zeren, Koldo izango baitzen hasieretatik jarraitzen zuen pertsonaia bakarra, baina ia hasieratik bertan dabiltzan hainbat pertsonaiarekin egin nuen topo berehala. Leonor ikusi uste izan nuen, Jose Kruz Gurrutxaga, Martxelo Rubio aktoreak, baina ez dakit garai bateko pertsonaia berak ziren edo auskalo zenbatgarren haragiztatzea. Dena ez da historiaurre, ordea, eta Miren Gaztañaga ikusteak bereiziki poztu ninduen. Baina erabat tristatu mojaren rola egiten duela ikusteak —gidoi- gile maiteok, zertan ari zarete?—. Are gehiago, Afrikara bidaltzekotan direla jakinda. Aldeko beste puntu bat aurkitu nion telesailari: atxilotu baten eta ertzain baten arteko maitasun emaberekundekoia.

Eta azkenerako etorri zen klimaxa. Lehenik, Koldok alabari utzitako opari piloa erakusten dion eszena, materialismoaren gailurra: ezkontza jantzi bat—noski, neskek ezkondu beharra dute—, autorako haur aulkitxo bat —noski, neskek haurrak izan behar dituzte—. Eta gero heriotza, metaforikoa, belaontzi bat hartu zuen Koldo gaixoak —leuzemia omen— eta itsasoan barrena abiatu, gerlari heroikoenaren pare, heriotzaren bila. A, gauza ederragorik. Hainbat mila euskaldunekin batera egingo nuen negar nik ere, Goenkale-koen mirarietarako joera ezagutuko ez banu eta jakin, hemendik gutxira, berriz ager dakigukeela Koldo, edozein hondartza galdutan, naufrago. Denborari denbora bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.