Tortikoliak hartuko dit lepoa aste bukaera honetarako, hainbeste alde batera, beste aldera begiratzen ibili. Ezker-eskuin, eskuin-ezker, Kataluniatik Galiziara eta Galiziatik Kataluniara aritu gara egunotan. Eskerrak kanpoan ez duen hotzik ari, eta barra-barra jardun duten biharko Jaurlaritzarako hauteskundeen gainean. Geure modura, baina hemen ere egin dugu, gaur egingo dugun antzera, nahiz beste alde batera begiratzen gabiltzala iruditu. Izan ere, asteazkenean estreinatu zen Kataluniako telebista publikoaren lehen katean, TV3n, eta prime-time-an, Gorka Espiau Elkarri-ko kide ohiaren azken ikus-entzunezko lana: Parlen els ulls —euskara jatorrera ekarrita, Begiak damintzaz—.
Bertan, euskal gatazkaren hainbat biktima jarri ditu hizketan, binaka, solaskideak aldatuz: ETAren indarkeriaren biktima bi, espetxean hemezortzi urte egindako ETAko kide bat, torturen ondorioz hildako pertsona baten alaba, eta bi pertsona instituzionalago. Harrigarria gerta dakioke norbaiti gisa horretako lan bat lehenik telebista publiko katalanean ematea, ETBn eman aurretik. Noski, jakin beharra dago dokumentala TV3k ekoitzi duela. Logikoa da, beraz, beste inon baino lehen Katalunia aldean estreinatu izana. Pentsatzen dut gainera ETBk emango duela berandu baino lehen. Baina orduan nire galdera da zergatik ETBk ez dituen gisa horretako dokumentalak ekoizten, zeregin horretarako ere bideratua baitago.
Baina, itxaron pixka bat: jada ez da bakarrik ez ekoiztea. Espiau jaunaren lehen dokumentala ere, Pluja seca —Euri lehorra—, TV3 katean eman zen estreinakoz, ekoizpena berea baitzuen. Kasu hartan bake prozesuen gaineko bitartekariei buruzko lan bat zen, besteak beste Brian Currin, Alec Reid eta gehiagoren testigantzak biltzen zituena. Eta kontua da orduko hartan ETBk ez zuela eman ere egin, baztertu egin zuela dokumentalaren emisioa. Ez ote dute oraingoan gauza bera egingo.
Tira, asteazken honetan egin du urtebete Aieteko Bake Konferentzia izan zenetik. Tarte horretan, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri du. Beste batzuek ez dute oraino ezer iragarri. Eta gauza batek segurua ematen du biharko: euskal jendarteak Konferentzian parte hartu zuten alderdiak sarituko dituela. Eta ea horrela bultzatzen ditugun egon ez zirenak Aieten eskatzen zirenak iragartzera.
Komunikazioa. Ekografiak
Begiak damintzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu