ETAk ekintza armatuen bukaera iragarri zuenetik, ez da ETAri buruzko berririk gabeko egun bakar bat ere iragan. Ez, noski, ekintza armatuen garaian baino gehiago, baina gutxi-asko kontua berdintsu dabilela esango nuke. Aste hau hasi dugu, gainetik, ETA eta komunikabideak lotzen dituzten bi berrirekin.
Lehena, Espainiako Auzitegi Nazionalak 29 urteko espetxe zigorra jarri diola ustezko etakide bati, 2008ko abenduaren 31nEITBren Bilboko egoitzaren kontrako atentatuagatik. Gogoan ditut irudiak, likatuta geratzen diren horietakoak izan ziren. Gogoan dut, halaber, ETAk zer arrazoibide eman zuen atentatua justifikatzeko: «Sabin Etxearen aginduz EITBk Euskal Herriak bizi duen gatazka desitxuratzen hartu duen ardurarekiko erantzuna izan da ekintza. Herritarron diruz ordaindutako irrati telebista publikoa [...] Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntza estali eta gatazka politikoa desitxuratzeko tresna bilakatu dute».
Ados. Besterik da ustezko arrazoibide horrek atentatu bat justifikatzen duen. «Komunikabide ofizialek eta politikari profesionalek adierazpen askatasunaren aurkako ekintzatzat jo dute. Herri komunikabideak itxi, kazetariak kartzelaratu edota independentistak, esandakoengatik espetxera daramatzatenean, mutu geratzen diren berdinek». Eta ez naiz bietako bat ere, ez naiz komunikabide ofizial, ez politikari profesional, baina ezin dut onartu gaurko egoeran komunikabide baten aurka eraso armatu bat egitea —gogoratu bestela Egin edo Euskaldunon Egunkaria—. Herri komunikabideak itxi, kazetariak kartzelatu edota esandakoengatik independentistak espetxera eramatea onartzen ez dudan bezala.
Zerk eramaten du nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaile bat komunikabide talde baten aurkako ekintza armatu bat egitera? Zein da gisako ekintza baten helburua? Komunikabidearen lerro editoriala, dena delakoa, beldurraren bitartez aldaraztea? Komunikabidearen hartzaileei lerroaren makurraz ohartaraztea? Auskalo, ihes egiten dit.
Eta bigarren berria: Espainiako Auzitegi Gorenak 70.000 euroko zigorra jarri diola Tele5 telebista kateari, 2007ko albistegi batean pertsona errugabe bat ETAkoa zela esateagatik. Eta ondotik galdera: zenbat errugabe joango ziren barrura? Zenbat lur azpira? Bakar bat balitz ere, gehiegi.
Komunikazioa. Ekografiak
Bakar bat gehiegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu