Ane Muñoz.
Maratila

Azken ukituak

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Nire zereginetan burubelarri nenbilen bitartean, inguruan, argazkilari erdi-profesional bat, mando euli baten antzera, argazkiak egin eta egin harrapatu nuen. Klik klak kluk, argazki hau horrela, bestea hala, orain zuri gorantz, besteari beherantz… hura entretenimendua.

Biharamunean, bakoitzarentzako argazki eder banarekin azaldu zen, poz-pozik eta puztuta. Paperezko irudi handiak ziren, batik bat tamainaz handiak, eta onak baino gehiago landuak, gogotik eginak. Niretzako ere oso polit bat omen zekarrela entzun nuen, baina ez nion kasurik egin. Zertarako nahi dut bat gehiago, egun ehunka argazki egiten baititugu, baitizkiegu, baitizkigute...

Albokoari egindakoa ikusi nuenean, areagotu egin zen nire erretratu modernuekiko errefusatzea. Polita izango zen bai, baina zer edo zer arraroa ikusi nion berehala irudiari. Jakina, lagunak kopeta soil-soila du, eta argazkian, berriz, ileak askoz aurreragoraino iristen zitzaizkion lokietatik. Horra Photoshopen mirariak. Konturatu orduko argazkilaria parean nuen, nire irudi erraldoi batekin, harro-harro, ze ondo azaltzen nintzen esanez. «Ondo azaldu?» Nik ez dut ondo azaldu nahi, ondo egon nahi bai, baina tranparik gabe, gizona! Berez polita zen eta ongi azaltzen nintzen. Ongiegi, agian. Izan ere, tipoak aitortu zidanez, aurpegiko «itzalen bat» ezabatu omen zidan, politagoa irten nedin. Zera, politagoa, ala gazteagoa? Ikusten, hasi gara berriro adinak estaltzen! Errealitatea asumitzea kostatzen ari zaidanarekin, horrelakoak ez dira ba oso lagungarriak, ezta? «Zimur bat esperientzia bat» esaeraren ordez, «zimur bat Photoshop saio bat» esaten hasi beharko al dugu, aurrerantzean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.