Desertua izaten den bezala tarteka, erauntsiaren antzera erori diraETBren inguruko berriak azken zazpi egunetan. Azken astean jakin dugu, adibidez, EITBk eta Eusko Jaurlaritzak 2012rako kontratua sinatu dutela. Urtebeterako sinatu dute, eta iaz baino %8,4 gutxiago emango dio Eusko Jaurlaritzak EITBri. Markatutako helburuen artean, hauek: kalitatezko edukiak eskaintzea, ikus-entzuleen maila egokia lortzea eta euskal gizartea egituratzen laguntzea —terrorismoak euskal gizarteari ekarri dionaren gaineko kontaketa objektiboa eta egiazkoa eratuz—. Ez dute helburuen artean aipatzen euskararen gaineko ezer, ez Bostpuntu ekinaldiaren sinatzaileek eskatzen zutenaren haritik, ez ekinaldiarekin kritiko agertzen zirenen haritik. Azken astean, hain zuzen, sinatzeko epea bukatu eta Bostpuntu ekinaldia bidali diete EAEko alderdi politiko guztietako ordezkariei eta EITBko administrazio kontseiluko kideei. 2012rako kontratua sinatu berritan, ematen du urtebete itxaron beharko dugula gutxienez bertako puntuak kontuan hartzen hasteko.
Kontratuaz gozatzeko aukerarik izango ez dutenak EITBren Baionako egoitzatik kanporatu dituzten bi langileak izango dira. Azken astean jakin dugu aurretik kaskarrak ziren baldintzak are kaskarragoak izango direla hemendik aurrera Baionan: K2000k beste urtebetez jarraituko du egoitza kudeatzen, baina aurrekontuaren %30 gutxiagorekin eta Oskar Epelde kazetaria eta Mikel Erkiaga gabe —koordinazio-produkzioaz arduratzen zen—. Aurreko guztiengatik eta gehiagogatik, protesta egin du LAB sindikatuak azken astean, EITBko administrazio kontseiluaren bileraren aitzakian. Motiboa: EITBri aldatzeko eta kalitatezko euskal komunikabide publiko bat sortzeko eskatzea.
Eta azken astean jakin dugu, halaber, Maddalen Iriarte telebista aurkezlea ez dela izangoEH Bildu koalizioko lehendakarigaia, hedabide ezin serioago batzuk zabaltzen aritu direnaz bestera. Pena da, ondo emango lukeelako, eta nire boza izango lukeelako —sobornoaren nolakoaren arabera, betiere—. Dena den, gauzak modu positiboan ikusteko: lehendakarigai on bat galdu dugu, baina baliteke EITBko zuzendari ezin hobe bat irabazi izana hurrengo legegintzaldirako. EH Bildu EAJrekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du azken astean Rufi Etxeberriak. Ez da hasieren artean makalena.
Komunikazioa. Ekografiak
Azken astean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu