Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Autokritika

2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Asteleheneko lehen albistea. Jarrera berritzailea ekarri zigun goizeko 08:00etako albistegi nagusiak, Radio Euskadin. Dani Alvarez aurkezleak autokritika gogoa azaldu zuen, eta entzuleoi barkamena eskatu zigun. Autokritika, bi komentario sexista entzun omen zirelako aurreko astean irratian; Roberto Mosoren irudimenetik ostiralero datorkigun Lisergio Lau Bost irrati esalearen ahotik bata, eta Rafael Elias zutabegilearenatik bestea. Lisergioren kasuan, maiz sortu zaigun dilema datorkigu berriro ere: non ote dituen mugak politikoki zuzen izan beharrak. Jakinda, hain zuzen, Lisergio melomano erreakzionario baten parodia umoretsu eta ziztatzailea besterik ez dela. Bestelakoa izan liteke Rafael Elias finantza aholkulariari dagokiona (asteartero, 08:15). Haren bi minutuko iritziek zera dute alde: bateko zein besteko erreakzioak sortzen dituela. Agian, eskatu beharko zaio bere gogoeta ultraliberal eta ultrakapistalistak formetan hain zakarra izan gabe adieraz ditzala.

Aurrerantzean? Azterketa zehatzak alde batera utzita, aurrekari polita jarri digu Alvarezek egindako autokritikak. Jakiteko dago sail bereziren bat ote dagoen irratian bertan, irrati esaleen eta kolaboratzaileen esanak aztertuko dituena. Gizarte sektoreren bat iraintzen den aldiro oraingoan bezain zorrozki jokatuko den aurrerantzean, hori ere ez dakigu. Zer egitekorik bada, nahi izatera; tertulietatik hasita.

Zergatik ez? Irribarrea izenburuko Anjel Lertxundiren idatzia (Hitz beste zutabea) hartu zuen aipagai Javier Muguruzak herenegun, Boulevard-en. Bada, lehenbizi euskaraz irakurri zuen, eta gaztelaniara itzuli zuen ondoren. Aitortuko dut amorrazio puntu bat eragin zidala Muguruzaren keinu horrek. Izan ere, zer dela eta pentsatu behar dugu REko entzuleek ez zutela ulertu euskarazkoa? Demagun ezetz. Baina, hala izanda ere, zergatik elebakar horri hainbesteko erraztasuna eman? Ezin al zitekeen soilik jatorrizko testua irakurri, pentsatuta ulertu ez zuenari halako har bat pitz ziezaiokeela, ez daukanarekiko (euskara) premia sentiarazteraino? Alegia, erdal hedabideetan ahotsa izateko pribilegioa duten euskal kulturgileak saia daitezkeela erdaldun hori euskararen larreetara eramaten, beren sormenaz baliatuz. Muguruzak berak ziur horixe lortu zuela bi egun lehenago, Ramon Saizarbitoria elkarrizketatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.