Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Atera kontuak

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Iban Garateren eguna izan zen asteazkena: 21:00etan, ohi duen gisan, Ai ama! aurkezten, ETB1en, Kepa Errasti eta Koldo Olabarri gonbidatu; 21:45ean, kasu honetan gonbidatua bera, Blanca Suarez aktore kidearekin batera, Miel de naranjas filma sustatzen, El hormiguero-n, Antena3en; eta 23:00etan, buelta berriz etxera, ETB1era, Aupa Etxebeste! filmeko protagonista gisa. Miramon, Madril, Etxebeste-enea; bi orduren buruan dena. Eta gaur, gainera, Miel de naranjas horren estreinaldia. Pozik beharko luke Garatek. Ni ez nengoke hainbesteEl hormiguero-ko barrabaskeria jasan behar izan banu.

A priori, egoera ideala zirudien: nahiz eta film bat sustatzera joan, semeak —telebisiboak, betiere— aitari egindako bisita ematen zuen, El hormiguero-kAi ama!-rekin duen gurasotasuna aitortuta. Ez esan sinbolikoki ederra ez denik. Bada, ezer ez, horren gaineko hitz erdirik ere ez. Kontua ez zen oso ondo hasi: Iban Garatek ez zuen Justin Bieberren bisita iragarpenak bezainbesteko zoramena eragin publikoan. Iragarpen txarra. Eta gerokoa, ez askoz hobea: inolako gehiegikeriarik gabe, Garateri egindako hiruzpalau galdera zenbatu nituen 45 minutuko saioan. Eta guzti-guztiak, Garateren euskal izaeraren ingurukoak, euskaldunon gaineko topiko sorta amaigabearekin onduak: ikasteko ezinezkoa dela euskara —ze mania; proba egin al dute, ba?—; orain euskal morroskoa dela, baina txikitan itsusia zela —Garatek baieztatutako puntua—; kosta egingo zaiola «sartzea» —komentarioak aurreztuko ditut hemen—. Hitz gutxitan: independentzia alde bakarretik deklaratzeko modukoa. Garaterekin batera joan zen Blanca Suarez aktorea nongoa den igarri zenioten zuek? Nik ez. Eta izango du Suarezek ere nongotasuna, akaso ez hain exotikoa, baina emango lukeena seguru bromatxoren bat egiteko, balantza apur bat berdintzeko. Eskerrak Blanca Suarezek lore gutxi batzuk eskaini zizkion Garateri —«pelikulako gauzarik onena Iban ezagutzea izan da» esateaz gain, Euskal Herriko teenager idolotzat hartu zuen, eta Risky business hartako Tom Cruisekin konparatu—. Etxera deprimituta itzultzeko moduko esperientzia begitandu zitzaidan bestela.

Eta azkenerako konstatazio bat —batere ironiarik gabea—:El hormiguero horren aldean, hobea, baina askoz hobea iruditzen zaidala Ai ama!. Atera kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.