Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Arriskatzeko tartea

2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Bat-batean agertzen da bideo bat sarean, zabaltzen da olio orbana uretan nola, eta egun batzuetan ez da besterik. Sarri izaten dira zera pasagarriak, gauza txepel txikiak, kontu jakin berreskuratuak. Denbora galtzeak, azken batean. Baina gutxi batzuetan izaten dira sorpresak —atseginak, bistan da—, hausnar apur bat ekartzen dutenak. Gertatu da, halako batean, ez dakigu sobera ondo nondik, jausi dela film labur bat, ez oso luzea, kolpe batekoa ia, idazpuru hartu duena Zomorroak. Ados, atzean den jendea ez da aski ezezaguna, bakoitzak berean ibiliaz egin du izena, baina ez genekien zebiltzanik gintza horretan. Lander Garro, adibidez, idazle eta abar askoa, edota Miren Gaztañaga, aktorea hori bai, baina antzerkian, telebistan ikusi izan duguna. Isilik zutela gordea, alegia.

Eta emaitza da gauza bat freskoa, pretentsio handirik gabea, apala, baina gustagarria, irrigarria, erraz ikus daitekeena. Onena da ikustea, baina esango dugu dela bi pertsonaren arteko enkontrua, lehen bistako maitemintzea, edo gustatzea, edo usain ondo ematea. Biak dira zomorro, edo freak, edo arraro, biek dute puntu bat, eta bat egiten dute lurralde horretan, arrarokeria horretan. Eta ez besterik, ez bilatu bizitzaren gaineko metafora handirik, gizaki garaikidearen inguruko irudi sakon beltzik. Ez, gustura ikusteko 13 minutu baino ez dira. Eta, batez ere, zer pentsatua ematen duen emaitza.

Ze, oso ondo dago Goenkale moduko sugertzar bat Guinness liburuan sartu nahi izatea, txuingami baten antzera, eternitateraino luzatzea —Meet the Press albistegi estatubatuarrak 62 urte daramatza antenan—. Nahiz 1994tik aktoreak berrerabili, aktoreak berpiztu, eta hala ere nahi duten guk kontakizuna sinestea. Ze, oso ondo dago Bi eta bat telesaileko kapitulu berriak grabatu eta emititzea, hainbat urteren buruan. Nahiz ez dakidan nola aguantatuko duen hainbeste urteren joana, zenbat lifting beharko dituen. Baina nire galdera da: ez al dago jende gazte, talentuduna, baliabide gutxirekin ere gauza interesgarriak egin ditzakeena, auskalo, unibertsitatetik ateratakoak, edo beren kasa lanean ari direnak azkenaldian? Zergatik ez dituzte gehitzen horiek telebistara, zergatik ez diete aukera bat ematen? Zergatik ez dugu arriskatzeko tartea hartzen? Egin liteke horrelako ezer edo sareko ameskeria hutsean geratuko da dena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.