Hau da, arbiak, arrain arrautzak. Arrain eta itsaski batzuen gonada femeninoak dira eta arrautza zoroaren itxura du osotasunak, kolore-tamainak gorabehera. Profanoarentzat, arraba arrain eta itsaskien arrautza jangarriak dira; orokorki, preziatu eta goretsia izan da lehengai hori aspalditik, egosi zein gordinik kontsumitu izan baita. Arraba ezagunenak, hemen legatz eta bakailaoarenak dira; ondoren, atunenak; mundu zabalean, gaizkatena, kabiarra. Antxoarenak, gatzunetan kontserbaturik, atunak harrapatzeko beita edo karnata gisa baliatzen ditu arrantzaleak. Izokin eta amuarrainena zinez handi eta apaingarriak dira, laranja kolore, zapore bizi eta uki politekoak. Hona, Euskal Herrian ezagun ditugun arraba jangarrietako batzuk:
- zamo edo karparenak: arrautza txiki-txikiak, arrosa kolorekoak;
- bakailao, abadira, bakalada, ikazkinenak: txiki-txikiak, arrosa kolorekoak, inoiz gazitu, zanpatu, lehortu, keztatuak; oraintsu arte, atunak harrapatzeko beita gisa baliatu izan dira Euskal Herrian;
- legatzarenak: arrabak osorik egosi ondoren, xerratan ebaki, olio-ozpinez apailatu eta perrexilez lurrindurik hartu izan dira arrantzalearen etxean;
- sardinzarrarenak: ertainak, hori edo urre kolorekoak, inoiz gazituta hartu izan dira;
- eglefino eta lunpoarenak: txikiak, berdekarak, oso-oso gaziak, pasteurizatuak, eskuarki gorriz edo beltzez tindatuak, benetako kabiarraren ordez saltzen dituzte;
- izokinarenak: handienetakoak (4 - 5 mm), laranja kolore distiratsukoak, itsas zapore fresko atsegina; maiz gatzunetan kontserbatuak;
- gaiztaka, esterletea, beluga gaizkata, keta g., osietra g., sevruga g.: kabiarra derizte horiei, oro har; tamaina ertainekoak, gazi xamarrak dira berez eta prezio bizi-bizikoak;
- amuarrainarenak: handiak, hori edo gorrixkak, biziki preziatuak, itxura erakargarri eta zapore atsegin sakona dute; amuarrain handien arraben zaporea eta izokinenak antzekoak dira, oso. Fresko daudela goi mailakoak izaki, kontserban (pasteurizaturik) ez dituzte beren propietateak egokiro erakusten;
- berruenda arrain katu, atunenak: txikiak, gazitu, zanpatu eta lehortuta kontserbatzen dira, eskuarki.
- beira eta itsas trikuenak: itsaski izateak ematen dien gainbalioa dute bereizgarria.
Elikadura Hiztegiak dioenez, beste arrain askotxoren arrabak ere kontsumitu izan ditugu itsasertzeko euskaldunok. Arrainari zukuak erauzten, behintzat, ikasia dugu. Badaezpada…
Elikadura. Hazkurri kontuak
Arrabak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu