Ane Muñoz.
Maratila

Ahizparen ahizpak

2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Aldapeko sagarraren adarraren ahizpak… ahizparen ahizpak… Ufa, oraindik ezin ulerturik nabil aurrekoan tipa batek anaia-arrebarik ote zuen galdegin nionean erantzundakoa.

Bikote baten alaba bakarra bada ere, ahizpa bat omen dauka bera baino dexente gazteagoa. Nola? Ba, oso erraz. Tipa hori txikia zenean, gurasoak banandu egin ziren, eta amak senar berri batekin beste alaba bat izan zuen. Gaur egun arrunt samarra da hori, ezta? Azken finean, banatzeak eguneroko kontua dira, eta etxe berean aita ezberdina duten bi ahizpa topatzea ez da hain zaila.

Kasu honetan, ordea, ahizpen katea hasi besterik ez da egin: nonbait, tiparen ahizpa txikiak, amak senar berriarekin izandakoa, ba omen du beste ahizpa bat, aitak bien amarekin elkartu aurretik beste emazte batekin izan zuena. Ahizpa txikiaren beste ahizpa nagusia da. Gauza konplexu samarra bada ere, honaino ados, ulerkorra da oraingoz. Baina kontuz, nonbait katea luzeagoa da eta: azken emazte horrek, hau da ahizpa txikiaren ahizpa nagusiaren amak, badu beste alaba bat bere bikote berriarekin izandakoa. Ahizpa txikiaren beste ahizpa nagusiaren ahizpa jaio-berria da. Horra lau alaba, bi ama eta hiru aitentzat. Hau nahaste-borrastea.

Ezer ulertzen al duzue? Niri behintzat, guraso bereko sendi ugari arrunt bateko alaba, ahizpa eta arreba izanik, haien familia-harremana nolakoa izan daitekeen asmatzea kosta egiten zait. Eta ez nau harritzen tipari senideez galdegin nionean, berak, natural-natural, bolia eta papera hartu eta zuhaitz genealogiko bitxi baten bitartez erantzun izana. Nola aklaratu, bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.