Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

2011ko urteurrena

Maria Iriarte
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Zutabe honetan idatzitako beste batean, 2011 Kimikaren Urtea zela azaldu nuen. Horretaz gain, 2011n beste urteurren garrantzitsu bat bete da, Solvay deituriko mintegien edo kontseiluen mendeurrena. Eta zer dira, bada, Solvay Kontseiluak?

Mintegi, batzar edo kontseilu hauek (Conseils Solvay) Ernest Solvayren omenez daramate izen hori. Ernest industria-kimikari belgikar bat zen (1838-1922). Gaixoaldi luze bat zela eta, ez zuen unibertsitatera sartzeko aukerarik izan, eta 21 urte zituela, bere osaba baten industria kimikoan hasi zen lanean. Bertan lanean ari zela, sodio karbonatoa (sosa) lortzeko metodo berria (Solvay metodoa) lortu zuen, ordura arteko Leblancek proposatutakoa alde batera utziz. Sodio karbonatoa industria kimikoan asko erabiltzen den produktu bat da, xaboiak egiteko, beira lortzeko, tindagaiak egiteko... Berak asmatutako metodoa (ez zen bakarra izan, beste prozesu batzuk ere hobetu baitzituen) gailendu egin zen, eta urte gutxiren buruan aurreko metodoak baztertu egin zituen. Dirutza izugarria lortu zuen industrian proposatutako metodo berriak garatuz, eta zati bat zientzia bultzatzeko erabili zuen, bere filantropia azalduz. Ikerketa-institutu zenbait sortu zuen: Fisiologia-institutua (1895), Soziologiarena (1901), Fisikarena (1912) eta Kimikarena (1913). Zientziarenganako zuen irrikak eta maitasunak bultzaturik, Lehen Solvay Mintegia antolatu zuen 1911n (La théorie du rayonnement et les quanta). Konferentzia, mintegi edo kontseilu hauek Fisikaren eta Kimikaren inguruan gertatu diren ekitaldi esanguratsuenen artean daude, bertan bildu baitira aurreko mendeko zientzialari ospetsuenak.

Mintegia prestatzeko, nazioarteko batzorde zientifiko batek urteko gai nagusia erabakiko du, eta, ondoren, zuzendari arduradunak hainbat zientzialari gonbidatuko ditu gai horren inguruan euren ekarpenak egin ditzaten.

Eta zertaz aritu ziren 1911ko Solvay Mintegian? Adituek diotenez, Fisikaren garapenean begi bistako urratsa ekarri zuen berarekin. Ordura arteko Fisika Klasikoa ongi sendotuta zegoen, XIX. mendearen bukaeraz geroztik. Fisika Klasikoa diogunean Mekanika Klasikoa (higikarien gaineko indarrak eta mugimenduak, edo Newtonen legeak), Termodinamika, Gasen teoria atomikoa eta Elektrizitatearen, Magnetismoaren eta Erradiazio Elektromagnetikoaren gaineko Maxwellen teoriak dauzkagu. Fisika Klasikoaren legeek eta hastapenek naturan ikusitako esperientziak eta fenomenoak esplikatzen zituzten. Baina, gure ikasleei esaten diegun bezala, zientzia esperimentalez ari gara, hau da, nahi hainbat teoria, hipotesi edo antzerakoak proposa daitezke, baina horiek guztiak egokiak diren ala ez ikusteko, hipotesi horiek egiaztatu egin behar dira, esperimentuak eginez eta hipotesiak baieztatuz. Eta horixe izan zen (zientziaren beste hainbat alorretan gertatzen denaren antzera) «betiko» Fisika Klasikoa alde batera utzi eta hipotesi eta teoria berrien bila joateko arrazoia. Ez gara orain sartuko fenomeno ulergaitzak zeintzuk ziren azaltzen, ez baita zutabe honen helburua (gasen teoria zinetikoa aplikatuz ezin ziren egoki aurresan molekula askoren bero espezifikoak, edota ezin zen «gorputz beltzaren» erradiazioa esplikatu, efektu fotoelektrikoa nola azaldu...)

Fenomeno azaldu ezinezko horien guztien ondorioz, Fisikaren barruan teoria berri bat garatu zen; Fisika Kuantikoa, hain zuzen ere. Teoria horren arabera energia kuantizatuta dago, hau da, ez da modu jarraituan transferituko, kuantizatuta baizik (mundu mikroskopikoan ari gara, mundu makroskopikoan mekanika edo fisika klasikoa baliagarria baita oraindik ere).

Mintegi horietan biltzen zen zientzialarien maila ikusteko, 1911n lehen mintegian bildu ziren batzuen izenak jarriko ditut hemen: Lorentz, Wien, Marie Curie, Ernest Rutherford, Max Planck, Nernst, Albert Einstein eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.