ATZEKOZ AURRERA. Irune Lujanbio. Afaniseko presidenteordea

«Abegi familia izateak gizaki hobeak egin gaitu»

Mendebaldeko Saharako umeek udako oporrak Euskal Herrian igarotzeko egiten du lan Afanisek, eta aurten hogei harrera familia berri behar dituzte. «Erloju kontra» ari direla dio Lujanbiok.

RAUL BOGAJO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bi urteren ondoren, Sahara Mendebaldeko umeek Euskal Herrian igaroko dute uda ostera ere. Horretan ari da lanean Arabako Afanis elkartea, Oporrak Bakean programako parte hartzaileetako bat —eta lurraldeko bakarra—. «Erloju kontra» ari dira, Irune Lujanbio presidentearen arabera (Gasteiz, 1973), oztopo burokratikoak egon direlako. Hala ere, Lujanbio gogotsu ari da ekinbidean: bere esperientzia positiboa azaldu du, eta gogoratu du diru askorik ez duten familiek ere egin dezaketela abegi. «Umeak Osakidetzako planarekin datoz, haginlaria doan dute, Ruta de la Luz GKEak betaurrekoak doan ipintzen dizkie...».

Bi urtez, Mendebaldeko Saharako umeak ezin izan dira Euskal Herrira etorri. Horrek are urgenteagoa bilakatu du aurtengo kanpaina?

Beti da urgentea, hango egoera latza delako, eta pandemiarekin, are latzagoa. Aurtengoa urgenteagoa da, oso berandu hasi garelako. Normalean, urtarrilean hasten dugu kanpaina, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskatzen digutelako dokumentazio guztia prest edukitzea apirilerako. Aurten, martxoaren 14an hasi dugu, eta 27an bukatuko da.

Zer dela-eta denbora tarte hori?

Burokrazia latzagoa izan da, Fronte Polisarioak erabaki batzuk hartu dituelako programa berriz martxan jartzeko. Hasieran, estatuan bazeuden 10.000 ume hartzeko adina familia. Krisialdiarekin, bat-batean, 4.000rentzat baino ez zegoen, eta gainontzekoak hurrengo urtean ateratzen ziren, adinduagoak, jada. Azken urteotan, ume batzuk 12 urterekin atera dira, lehenengo aldiz. Baina programaren helburua da 8 urterekin etor daitezen, familia berarekin lauzpabost urte egin eta lotura sortzeko. Aurten, erabaki dute 2014ko umeak aterako direla bakarrik, urtarrilekoekin hasita; ez da egongo urte osokoentzat harrera familia nahiko.

Erabakiak nola eragingo dizue?

Nire ustez, erabaki gogorra da, baina ona programarentzat. Kanpamentuetan, amak manifestatu egin dira, emakumeek kudeatzen baitituzte errefuxiatu kanpamentuak. Gu 2013tik gara harrera familia, eta aurten nahi genuen familia bereko ume bati harrera egitea; apirilekoa denez, ezin izango da etorri, baina urtarrilean jaiotako bati egingo diogu harrera, halere.

Zein dira aurtengo kanpainaren helburuak?

Harrera familia berriak behar ditugu. Orain dela bi urte, bageneuzkan hamar edo hogei familia, hurrengo urtean ume berak hartuko zituztenak. Baina haur horiek handiak egin dira, eta, orain, ez dugu errepikatuko duen familiarik, bi baino ez; beraz, berriak behar ditugu. Udalak eta Aldundiak beti lagundu izan digute, eta dirua dugu 40 ume ekartzeko Arabara, baina horra heltzea ametsa litzateke; helburua da behintzat hogei ume ekartzea. Dagoeneko zazpi familia daude interesatuta, eta haiekin bilduko gara. Baina ez dugu denborarik. Beraz, dei egiten dugu azkar pentsatu eta gugana etor daitezen, galdetzeko eta familiak bilatzen laguntzeko.

Nolakoa da harrera familia izatea?

Gizaki hobeak egin gaitu, eskuzabalagoak. Baina ez gu bakarrik. Ni, adibidez, nire kuadrillarekin egon izan naiz kanpamentuetan: gurean egondako Mariam ezagutu zuten, eta haren familiarekin beste horrenbeste egin zuten. Ezagutu ditugu Saharako kultura eta pertsonak, eta maite ditugu. Gure programak dioen bezala, bi familia ditut, eta beraiek ere bai: bata, Euskal Herrian; eta, bestea, Saharan. Ez da eslogan bat, egia da. Badakite hemen gaudela behar dutenerako.

Azken bi urteetan, nola aldatu da hango egoera?

Okerrera egin du. Kontuan izan behar da kanpamentuak laguntza humanitariotik bizi direla. Bi urte hauetan ez dira hegazkinak heldu, ezin zen laguntzarik eraman. Eta ez da bakarrik laguntza kontua: proiektu pila egiten dira, eta horiek ere dirua eta lana ematen dute, baina bi urtean proiektu horiek ez dira egin. Oporrak Bakean programako umeak 35 kiloko poltsa batekin bueltatzen dira, janariarekin eta diruarekin. Eta urtean zehar ere produktuak bidaltzen ditugu hara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.