«Hizkuntza berdintasuna bermatzen ez duten urrats txikiak besterik ez dira», esan dute hizkuntza gutxituen eskubideen alde jarduten duten zenbait eragilek; besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak. Ikus-entzunezkoen Legea bozkatuko dute gaur, eta eragileek elkarretaratzea egin dute legearen gabeziak salatzeko. «Ez dira bete aurreikusitako helburuak, eta gure hizkuntzak ikusezin bihurtzen dituen lege bat onartu dute», salatu dute eragileek.
Besteak beste Euskalgintzaren Kontseiluak, A Mesak, Plataforma per la Llengua eta Iniciativa pol Astunianuk agerian utzi dute Ikus-entzunezkoen Legeak «eskubideen urraketa betikotu» duela. Zerbait arrazoi eman dituzte, hala nola ez diola erantzuten Espainiako Estatuko hizkuntza errealitateari: «Estatuko berezko hizkuntzen presentzia duina ez da bermatu, eta berdintasunerako aukera galdu da».
Horrekin batera, mahai gainean jarri dute herritarren eskaerak ez direla «inondik inora» kontuan hartu: «Jarrera proaktiboa izan dugu; besteak beste, aurre proiektuaren ekarpen zehatzak eginez, alderdiei gure proposamenak helaraziz eta herritarrak aktibatuz».
Eragileek presio politikoa eta soziala egin dute gutxieneko hizkuntz eskubideak txertatzeko plataformen katalogo kuotetan, TVEko emankizunetan eta finantzaketa aurreratuan. Presio hori «erabakigarria» izan arren, aldaketak «erabat eskasak» eta testimonialak direla esan dute: «Osotasunaren %0,35-2,55 da».
Lege proiektuaren arabera, streaming plataforma handiek estatuan lortutako diru sarreren %5 Europako ikus-entzunezko lanak sustatzeko erabili beharko dituzte, eta horren %70 izango da estatu bakoitzeko hizkuntzetan eginiko lanentzat. Legeak soilik gaztelaniarako ezarri ditu gutxieneko edukiak eta finantzaketa, eta portzentaje horren barruan, legeak %15 baino ez die bermatuko euskarari, katalanari eta galegoari.
Gaztelera ez diren beste hizkuntzei «aitorpenik ez egiteak» dakartzan ondorioak azaldu dituzte: «Ikusleei galarazi die beren hizkuntzan gozatzea telebista saioen, telesailen eta filmen eskaintza zabalaz». Argi utzi dute helburuak lortzeko borrokan jarraituko dutela.