Buruko osasuna

Buruko gaitzen artaren «erretratua»: botika gehiago ematen zaizkie andreei

Gurutzetako erietxeko osasun mentaleko larrialdi zerbitzuetan ematen den arretaren gaineko ikerketa bat aurkeztu du Emakundek; ikusi dute «generoaren» arabera aldeak badirela, eta ikertzen jarraitu behar dela.

2022ko apirilaren 5a
14:57
Entzun

«Erretratu» bat dela adierazi dute ikertzaileek. Osasun sistemaren funtzionamenduaren argazki bat da, «generoaren ikuspegia» eta «aldagai sozioekonomikoena» aintzakotzat hartuta egindakoa: begirada horrekin, datuek zer esaten duten aztertu dute. Zehazki, Gurutzetako erietxeko (Barakaldo, Bizkaia) buruko osasuneko larrialdiek 2017-2019 urteetan artatutako kasu guztiak ikertu dituzte, eta ondorioetako bat argia da: emakumezkoei, oro har, usuago errezetatzen zaizkie botikak gizonezkoei baino. Emakunderen beka baten bidez egindako ikerlana da, eta gaur aurkeztu dute, Gasteizen, erakundeak antolatutako agerraldi batean.

Marga Saenz Herrero Gurutzetako psikiatrak eta Maria Recio Barbero Biocruceseko Neuropsikiatriako ikertzaileak parte hartu dute aurkezpenean, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin batera. Azaldu dute lau taldetan banatu zituztela pazienteak. Baga: adikzioen ondoriozko arazoengatik larrialdietara heldutako pertsonak. Biga: buruko osasun arazo ohikoenen ondorioz ailegatutakoak, antsietateak-eta antzekoak jotakoak. Higa: buruko eritasun larriak dituzten gaixoak. Laga: nortasunaren nahasmenduak dituztenak.
Lehen taldean gizonak izan ziren gehienak, %71, eta horren atzeko motiboetako bat argi dute: andreek, oro har, «lotsa handiagoz eta bakartuago» bizi dituzte adikzioak. Horiek horrela, larrialdietara heltzen direnerako «larriago» daude usu. Andreei maizago ematen zaizkie «lasaigarriak», eta gutxiago ospitaleratzen dituzte. Bigarren multzoko pazienteak kasuen %48 izan ziren, %65 andreak. Hor ere, aldea: «Emakumeei proba gutxiago eskatu zitzaizkien, eta lasaigarri gehiago eman». Patologia larrietan ere, aldea: «Andreei lasaigarri gehiago eman zitzaizkien, %40 gehiago ere bai». Azken taldean jokaera «disruptiboak» izaten dira usu; prebalentzia antzekoa izaten da gizon eta emakumeetan tankera horretako nahasmenduetan, baina artatu zituzten pazienteen %70 andreak ziren. Horrek ere zer pentsatua eman die: «Emakumeen jarrera bortxazkoak ez dira hain ondo toleratzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.