Argentinako Gobernuak salaketa jarri zuen atzo Mauricio Macri herrialdeko presidente ohiaren eta haren gobernuko zenbait funtzionarioren kontra, 2019an Boliviara armak eta munizioa ilegalki bidaltzeagatik». Evo Morales presidente ohia kargutik kendu, eta Jeanine Añez agintean jarri zuen estatu kolpeari laguntzeko egin zituen bidalketa horiek Macrik, salaketaren arabera. Martin Soria Justizia ministroak, Sabina Frederic Segurtasun ministroak eta Mercedes Marco del Pont AFIP Diru sarrera Publikoen Administrazio Federaleko buruak erregistratu zuten salaketa.
Salaketan jaso zutenez, Macrik «boterea hartu zuen diktaduraren eskuetan material errepresiboa» jarri zuen, «indar armatu boliviarrek Evo Moralesen gobernu konstituzionalaren kontra emandako kolpearen» ostean. Armen eta munizioaren bidalketa da salatzaileek delitutzat jotakoa, bidalketa kantitate handitan eta ohiko kontrol mekanismoak saihestuz egin zela uste baitute.
Boliviako Atzerri ministro Rogelio Maytak pasa den astean ezagutarazitako gutun bati jarraikiz jarri du salaketa Argentinako Gobernuak. Jorge Gonzalo Terceros Lara Boliviako armadako komandanteak Argentinako enbaxadara igorritako gutun bat publiko egin zuen Maytak, bere Twitter kontuan, zeinetan komandanteak eskerrak ematen zizkion Argentinako Gobernuari «Boliviako egoera gatazkatsuaren» aurrean «eskainitako kolaborazioagatik». «Mauricio Macriren gobernuak material belikoa eman zion, ezkutuan, Jeanine Añezen behin-behineko erregimenari, 2019an, protesta sozialak erreprimitzeko eta indarrez gobernuaren jabe egiteko», idatzi zuen Twitterren, eta erantsi «Sacabako eta Senkatako sarraskiak» ezin direla «zigorgabe» geratu. 2019ko azaroko 15eko eta 19ko gertakariez ari zen. Lehenengoan, gutxienez 11 lagun hil ziren, segurtasun indarrek protestarien kontra egin ondoren. Beste 11 lagun hil ziren bigarrengoan, modu antzekoan, lau egun beranduago.
Soriak aurreratu zuen salaketa jartzeko asmoa zuela gobernuak. «Argentinako Zigor Kodea txiki geratzen zaie Mauricio Macriri eta konpainiari. Ez dira ikertuak gure lurraldean egindako gaiztakeriengatik bakarrik, baita beste herrialdeetan egintako delitu larriengatik ere», nabarmendu zuen.
Erabakia defendatu du Alberto Fernandez presidenteak ere, argudiatuta «Argentinan egindako delituzko jokabideak» izan daitezkeela Macriri egozten dizkiotenak. Hala balitz, «gai oso larria» litzatekeela esan du. Radio 10 irratiari egindako adierazpenetan, Fernandezek deitoratu egin du Macriren gobernuak beste herrialdeetako «nazioarteko hausturak onartu» izana, eta «kolpea indartzeko errepresioa erabiltzen dutenekin kolaboratu» izana.