INGURUMENA

Esako urtegiaren ondoan 1.700 hektareako potasa meatzea eraikitzeko baimena eman du Espainiako Gobernuak

Erabakia txarretsi du Ekologistak Martxan elkarteak: «Muga proiektuak ondorio larriak izan ditzake ingurumenean eta segurtasunean»

Esa urtegiaren ingurumarietan eraiki nahi dute lur azpiko Muga meatzea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko uztailaren 8a
13:53
Entzun

Urteetako gatazka itxi nahi izan du Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, Muga meatze proiektuari oniritzia emanda. Lur azpitik potasa minerala ateratzeko proiektua da, eta Zangozatik (Nafarroa) gertu eraiki nahi dute, Esako urtegitik kilometro gutxira. Geoalcali enpresak aurkeztu zuen proiektua.

Azpiegiturak 1.700 hektareako luze-zabalera izanen du, eta 600 metroko sakonera duten tunelak eraikiko dituzte Nafarroa eta Aragoi (Espainia) arteko lurren azpian. Hori egiteak, baina, «arrisku handia» duela salatu dute hainbat adituk eta talde ekologistak. Azken urteetan, hamaika alegazio aurkeztu dizkiote proiektuari, Espainiako Gobernuak atzera bota zezan.

2015ean, esate baterako, Nafarroako Gobernuak hamar alegazio aurkeztu zizkion proiektuari: meatzea egiteko lanetan akuiferoetara egin litezkeen isuri toxikoak, hondakinak, elektrizitate sareak inguruko faunari eragin diezaiokeen kaltea, lurraren higatzea, airearen kutsadura eta paisaiaren gaineko eragina aipatu zituen Isabel Elizaldek, garai hartan Ingurumen kontseilari zenak, parlamentuan eginiko agerraldian: «Isurien inguruan, adibidez, enpresak dio ez dela halakorik gertatuko, baina teoria hutsean oinarritzen dira; guk proba gehiago egiteko eskatu diegu».

CHE Ebroko Konfederazio Hidrografikoak berak ere alegazioak aurkeztu zituen proiektuaren hasieran, Esako urtegi inguruan lurrikarak eragiteko arriskua zegoelakoan.

Ekologistak Martxan taldearen ustez, baina, prozesua «oker» egin da hasieratik beretik: «Bost urte luze hauetan, harrigarriki, enpresari aukera eman zaio hasierako proiektua aldatzeko eta zuzentzeko, behin baino gehiagotan. Eta deigarria da, halako proiektu bat atzera bota behar zelako hasieratik beretik, dauzkan gabezia tekniko izugarriengatik». Hondoratze arriskua eta eragindako sismikotasuna aipatu dituzte, besteren artean. Ekologisten ustez, gabezia horiek konpontzeke daude oraindik.

2019an, beste traba bat gainditu zuen Geoalcali enpresak: ingurumen eraginaren txostena lortu zuen, eta bidea erraztu zion horrek, orain Espainiako Gobernuaren lizentzia lortzeko. «Bere burua zuritu du Geoalcalik urte hauetan guztietan, hainbat udalen eta Nafarroako Gobernuaren babesa lortuta». Hain zuzen, Nafarroako Gobernuaren jokabidea kritikatu du Ekologistak Martxanek: «Proiektu jasangaitz eta kutsakorrez bete nahi dute Zangozako eskualdea: Esako urtegiaren handitzea, Smurfit Kappa papertegia, Viscofanen lantegia...».

Muga meatze proiektuak eraginen dituen albo-kalteei buruz, honakoak aipatu dituzte ekologistek: «Ur kontsumo neurrigabea, lur azpiko galeriak hondakinez betetzea, errepide bidezko garraioa handitzea eta Loitiko failan eta Esako urtegiaren inguruan lurrikarak eragitea».

Geoalcali enpresaren esanetan, 800 lanpostu sortuko lituzke Muga meatze proiektuak. Talde ekologistek eta adituek, berriz, zalantzan jarri dute kopuru hori. «Puztuta» dagoela uste dute, eta sortuko diren postuak ez direla «iraunkorrak» izanen. «Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuek proiektu desarrollisten aldeko apustu garbia egin dute, eta horrek enpresa handiei bakarrik egiten die mesede, baina kalte izugarria ekarriko diete inguruan bizi diren pertsonei eta ingurumenari», salatu du Ekologistak Martxan-ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.