Espainiako presidente Pedro Sanchezek «berriz bat egiteko» duen proiektua aurkeztu du Bartzelonan. Han adierazi du biharko Ministro Kontseiluan proposatuko duela preso dauden buruzagi katalanei indultuak ematea. Erabakia «adiskidetasunerako apustuaren» parte dela azaldu du, eta elkarrizketaren alde egiteko asmoa nabarmendu: «Indultuak lehen pauso bat dira».
Bederatzi politikari independentistak espetxetik ateratzeko erabakia «ehunka milaka lagunen aldeko neurri bat» dela defendatu du Espainiako presidenteak, haren «erabilera soziala» nabarmenduta: «Milioika herritar batzen ditugu bizikidetzara». Izan ere, egoera konpontzeko bidea independentistak batu gabe egin ezin dela adierazi du. Hala, Kataluniako gatazka politikoa bideratzeko «apustua» berretsi du Sanchezek.
Presidenteak azaldu du erabakiak ez duela zalantzan jartzen Auzitegi Gorenaren ebazpena, baina bai «bide berri bat» irekitzen duela. Espainiako herritar asko erabakiaren aurka egon daitezkeenaren jakitun dela azaldu du, baina haiei eskatu die neurriaren «legezkotasuna» onartzeko. «Etorkizunak iraganak baino garrantzia gehiago izan behar du», zuzendu zaie: «Berriz hasteko eta gauzak hobeto egiteko aukera emango digu».
Espainiako Gobernuko iturrien arabera, indultuen inguruko espedienteak osatuta daude jada, auzitegien irizpideekin bat egiteko moduan. Halere, PPk eta Voxek iragarritako helegiteei aurre egiteko xehetasun guztiak aztertu nahi ditu gobernuak. Horretarako, Carmen Calvo presidenteordea gaur arratsaldean bilduko da Estatu idazkari eta idazkariordeekin, erabakiaren inguruko azken xehetasunak gainbegiratzeko.
Hurrengo pausoa Sanchezen eta Kataluniako presidente Pere Aragonesen arteko lehen bilera antolatzea izango da, bi gobernuen arteko elkarrizketak berrabiatzeko asmoz. Izan ere, Sanchezek elkarrizketa sustatzeko beharra nabarmendu du, gehituta «konfrontazioak» ez duela gatazka konpontzeko balio izan. Lurraldetasunaren inguruko desadostasunen gainetik, balio sozial komunak dituztela nabarmendu du Espainiako presidenteak; hala nola «berdintasunaren eta europeismoaren defentsa». Era berean, baina, Konstituzioa errespetatu eta hark ezarritako markoen barruan ekin beharra nabarmendu du.
Indultuez haratago
Azken egunetan, Espainiako Gobernuak babes ugari lortu ditu gaiaren inguruan; besteak beste, CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa eta Kataluniako gotzainak indultuak babestu dituzte. Kataluniako alderdi independentistentzat, ordea, ez da nahikoa. Aragonesek eta Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek asteburuan adierazi zuten ez direla «gatazka politikorako irtenbidea», eta amnistiaren eta autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria egin zuten.
Kataluniako presidenteorde ohi Oriol Junquerasentzat, berriz, indultuak «garaipen bat» dira independentistentzat, Espainiako estatuaren akatsak mahaigaineratzen dituztelako. Hala, Europatik irits litezkeen ebazpenetatik defendatzeko modu bat dela uste du.
Oso bestelakoa da PPk eta Voxek azken egunetan erakutsitako jarrera. Bi alderdiek indultuak bertan behera uzteko lege proposamen bana aurkeztuko dute bihar Espainiako Kongresuan. Egungo Espainiako indultuen legea 1870ekoa da, eta eskuineko alderdien nahia da sedizio eta matxinada delituengatik zigortutako herritarrei ematea galaraztea.