Jarduera oso txikiko astea izango da hurrengoa Euskal Herriko bi lantegirik handienetan. Mercedesek iragarri berri du ekoizpena geratuko duela datorren aste osoan, furgoneten osagai bat falta zaielako: semieroaleak. Ostegunean erabakiko du itxiera hurrengo astera ere zabaldu behar ote duen.
Antzeko egoera bizi dute Iruñeko Volkswagenen. Hasieran, hilaren 25ean geratu behar zuten produkzioa, ostiralean, baina atzo iragarri zuten astelehenean eta asteartean ere ez dutela autorik egingo. Semieroaleen eskasiak apiriletik baldintzatu du ekoizpena, eta, horren ondorioz, fabrikaren kanpoko aparkalekuak bukatu gabeko autoz beteta ditu orain Alemaniako multinazionalak.
5.000 auto, bukatu gabe
Martxoan, Mercedes egun batez eta VW bi egunez egon ziren geldirik arazoaren ondorioz. Apirilean, VWek erabaki zuen ekoizpena ez geratzea, nahiz eta eskularru kutxa azpiko IMB3 zentralita falta. Geroztik, 5.000 auto bukatu gabe daude oraindik: 3.000 T-Cross eta 2.000 Polo. Zuzendaritzak espero du 1.500 Polo bukatzeko aukera egongo dela, baina oraindik 500 Polok kanpoko aparkalekuan jarraituko dute.
Hain zuzen ere, atzerapen horrek bat egin du Polo berriaren jaulkipenarekin, eta arazo gehigarri bat eragin diezaioke multinazionalari. Aurreko modeloa eskatu duten bezeroei autoa iritsi ez zaien bitartean, datorren astean hasiko dira lehen modelo berriak merkaturatzen. Atzo arratsaldean utzi zion Landabanek aurreko modeloa egiteari, eta gaueko txandan hasi ziren berriak egiten.
Eskularru kutxa azpiko zentralitaz gain, orain irrati pantailako zentralita eta motorreko beste zentralita baten hornidura arazoa gehitu zaizkio, eta VWek erabaki du hemendik aurrera ez duela bukatu gabeko autorik aterako. Irail amaieran, Landabenen, T-Cross eta Poloez gain, hirugarren modeloa ekoizten hastea espero dute. Produkzioa bermatuta badago ere, ikusteko dago semieroaleen hornidura faltak nola eragingo duen, Iruñean argi baitute osagai falta 2021 osoan nabarituko dutela.
Nazioarteko arazoa
Arazoa mundu osokoa da, eta batez ere autogintzari eragiten dio, material horien erabiltzaile oso handia baita. Orain arte, Europan, 500.000 ibilgailuren produkzioa atzeratu du.
Arrazoien artean nagusietako bat pandemia bera da. Iazko konfinamenduaren ondorioz, autogintza gelditu egin zen hainbat astez, eta autogileak semieroaleen eta txipen eskaria murriztera behartu zuen. Aldi berean, konfinamenduak berak etxetik lan egitera, eskolak ematera edo aisialdia teilatupean egitera bultzatu zuen, eta horrek ordenagailu, kontsola, telebista eta bestelako tresna elektronikoen gorakada ekarri zuen.
Autogintzak hornidura katean utzitako hutsunea bete zuten alor horiek, eta semieroaleen egileek haien beharretara egokitu zuten ekoizpen lerroa. Irailetik aurrera, auto produkzioak erritmoa berreskuratu eta eskariak handitu zirenean, ilaran azken tokian jarri behar izan zuten, eta, euren biltegiak hustuz joan direnean, azaleratu da arazoa. Egun, semieroale eta txip fabrikak %100ean ari dira lanean, eta 40 aste inguru behar izaten dute automozioko bezero baten eskariari erantzuteko.
Autoek gero eta elektronika gehiago izateak handitu egin du semieroaleen garrantzia. Motorra, direkzioa eta ateak ixteko sistemak haien esku daude. Europako osagai egileen patronalak kalkulatu duenez, gaur egungo auto batek ehunen bat osagai elektroniko ditu, eta jada autoaren kostuaren laurden bat dakarte.