Garraioa

Bizkaiak ordainsariak ezarri nahi dizkie kamioi guztiei

Kobratzeko 30 arku jarriko ditu egun dohainekoak diren errepideetan. 2022ko udazkenean hasiko da.

Hainbat kamioi Lemoako herriko sarreran. BFA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 14a
12:41
Entzun

Bizkaian sartzen diren 3,5 tonatik gorako kamioi guztiek errepideak erabiltzeagatik ordain dezatela nahi du Bizkaiko Aldundiak. Horretarako, 2022ko udazkenean ordainpeko sistema ezarriko du egun dohainekoak diren hainbat errepidetan. Hogeita hamar bat kobratzeko arku ezarriko ditu errepide hauetan: N-240an (Arratia gurutzatzen du), N-636an, N-637an, BI-625ean (Basauritik Arabarantz) eta A-8an, Kantabriarako bidean. Neurri horren atzean bi helburu nagusi daude: batetik, trafikoa ahalmen handiko errepideetara bideratzea, ordainpeko autobideetara, alegia; eta, bestetik, kutsatzen duenak ordain dezala.

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak argi utzi du lehen jakinarazpena «eztabaida zabaltzeko» izan dela, eta oraingoz «lehen hurbilketa» bat baino ez dela. Hemendik aurrera foru arauaren diseinua hasi beharko da. Garraiolarien sektorearekin «hitz egiteko» prest dagoela azaldu du, baina «trafiko handia» duten inguruetako biztanleei ere entzun behar zaiela. Aurreratu du hilabete askotako lana dagoela, eta ikusteko dagoela Europako Batasunak «argi berdea» ematen dion egitasmoari. Aldundiaren arabera, egunero 80.000 ibilgailu astunek gurutzatzen dute lurraldea, eta 4.000 bat dira dohaineko errepideak erabiltzen dituztenak. Pradalesek azaldu duenez, kamioiek errepide horiek maiz kolapsatzen dituzte, eta auto pilaketak eragoztea da arkuen helburuetako bat. Beste arrazoi handia ingurumena da; izan ere, kamioi horiek autobidetara bideratuz gero, %12,8 murriztuko lirateke lurraldean egiten dituzten kilometroak.  

Alderdi politikoei dagokienez, PSEk babesa eman dio neurriari, eta EH Bildu aztertzeko prest agertu da, baina trantsizio ekologikoaren eztabaidan «sakonean» sartzea eskatu du, «eragile guztien» iritziak bilduz. PP, berriz, ez dago ados arkuekin, eta errepideen kudeaketa txarra «kamuflatzeko asmoa» ikusten du atzean. Elkarrekin Bizkaiak  kritikatu egin du dirua bildu nahi dela krisiak gogor jo duen «sektoreetako baten bizkar». EAJk erantzun egin dio, eta leporatu Gipuzkoan eta Nafarroan babesten duena Bizkaian arbuiatu egiten duela.

Pradalesek gogorarazi du Europako Batzordeak oso argi zehazten duela nola ezarri ordainketa sistema, eta beraz «berme juridiko osoarekin» egingo dutela, eta tentu handiz ibiliko direla «edozein bazterketa» eragozteko. Aldundiak Gipuzkoako katramila saihestu nahi du. Gipuzkoazko Aldundiak ordainsariak ezarri zituen 2018an A-15 eta N-1eko tarte batzuetan, eta egun errepide horien osotasunera zabaldu nahi ditu. Garraiolari elkarteek, baina, hainbat helegite jarri dituzte epaitegietan ordainketa sistemaren aurka, eta orain arteko ebazpenetan arrazoia eman diete. Elkarte horiek helegiteak jarriko dizkiete Bizkaiko ordainsariei ere.

Nafarroan, urte amaierarako; Araban, aztertzen  

Nafarroako Gobernuak ere kamioientzako ordainsari gehiago ezarriko ditu bost errepidetan: A-1ean, A-10ean, A-15ean, A-68an eta N-121-An. Apurka joango da, eta Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak esana du aurrenekoak «urte amaierarako» espero direla. Araban, berriz, aldundiak ponentzia bat sortu du Batzar Nagusietan gaia aztertzeko. Errepideen mantenua nola ordaindu eta Europako legedira nola egokitu eztabaidatzen ari dira.  2026. urtean AP-68aren kontzesioa amaituko da, eta lurraldeko 55 kilometroen ardura hartuko du. 

 

2022ko udazkenetik aurrera kamioientzako arkuak izango dituzten errepideak:

-A8-Sanfuentes (Abanto Zierbena)-Kantabriako muga

-N240. Barazar-Galdakao

-N636 Kanpazar-Abadiño

-N637 Txorierriko autobia (Erletxe-Barakaldo)

-BI 625 Basauri-Arakaldo

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.