Tubacexek konpromisoa agertu du datozen hiru urteetan Arabako plantetan dituen lanpostuei eta soldatei eusteko, baldin eta langileek greba bertan behera uzten badute. Hala jakinarazi die zuzendaritzak Amurrioko eta Laudioko langile batzordeei eta langile guztiei igorri dien proposamenean. Enpresak, hori bai, ez ditu kaleratutako beharginak berriz hartuko, baina prest dago haien kalte ordainak hobetzeko.
Langileei bidalitako eskutitzaren arabera, zuzendaritza eta langile batzordea maiatzaren 11n elkartu ziren azkenekoz. Bilera hartan, langileen ordezkariei gogorarazi zieten aldi baterako erregulazio txostena auzitegien esku zegoela, eta, gainerako langileei dagokionez, «etorkizunerako proposamen bat» egingo zitzaiela. Bada, atzo jakinarazi zuen proposamen hori, ohar bidez. Enpresaren hitzetan, planteamenduak «susperraldiaren oinarriak ezartzea ahalbidetzen du».
Enpleguaren eta soldataren bermeaz gain, halere, proposamenak jasotzen du Aiaraldeko bi plantetan inbertsioak areagotuko direla, TTIn eta Aceralavan, premium produktuak handitzeko, batez ere, hidrogenoa garatzeko prozesuei eta automatizazioari eta produktibitatea hobetzeari lotuta. Horrez gain, enpresak adierazi du aparteko ordainsari bat ere onartu asmo duela 2022-2024 urteetarako, soldataren %1en parekoa litzatekeena, eta «planta bakoitzean bideragarritasun planaren helburuak lortzen direnean» pagatuko litzateke.
Proposamenak, ordea, «iraungitze data» du, enpresaren arabera: maiatzaren 31. Trukean, zuzendaritzak hila amaitu baino lehen «ekoizpena normaltasunera itzultzea» eskatzen du; alegia, langileak lanean hastea berriz. Izan ere, Aiaraldeko beharginek ostiralean beteko dituzte ehun egun greba mugagabea hasi zutenetik. Otsailaren 11n hasi zuten lanuztea, kaleratzeak salatzeko, eta, dagoeneko gauzatu badira ere, protestan ari dira oraindik. 95 langile zuzenean joan ziren kalera; 22 langilek enpresak eskainitako ordaina onartu zuten, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartu zuten.
Aldaketak zuzendaritzan
Hain zuzen, Arabako hodigileak presidentea aldatuko du. Alvaro Bidegainek 70 urte bete ditu, eta, haren ordez, Francisco Garcia Sanz Volkswagen taldeko presidenteorde izandakoa izendatuko dute.