Aurten ere ez da egingo BBK Live musika jaialdia. Bigarren urtez jarraian, bertan behera geratu da, osasun egoeraren ondorioz. Iazko etenaren ondotik, aurten berrekin nahi zioten antolatzaileek; uztailaren 8an, 9an eta 10ean zen egitekoa, Kobetamendin, eta, azken ordura arte zalantzan izan badira ere, hamabosgarren aldia hurrengo urtera atzeratzea erabaki dute azkenean. Besteak beste, The Killers, Kendrick Lamar edo Pet Shop Boys ziren jotzekoak.
«Lehen-lehenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu zuei guztioi zuen pazientziagatik eta erresilientziagatik, une latz hauetan inoiz baino babestuago sentiarazi baikaituzue. Pentsatuko zenutenez, Bilbao BBK Live jaialdia ezin izango dugu egin programatutako egunetan eta moduan. Apurtxo bat gehiago itxaron beharko dugu, gure hitzordua 2022ra atzeratu behar dugu eta», azaldu dute antolatzaileek sare sozialetan argitaratutako ohar batean.
#bilbaobbklive#kobetamendimaitemindutapic.twitter.com/2epdxfaaxy
— Bilbao BBK Live (@bilbaobbklive) May 18, 2021
Last Tour kontzertu sustatzaile eta jaialdiaren antolatzaileak adierazi du uztailaren 8an iragarriko dituztela datorren urtean ariko diren taldeak, eta orduan zehaztuko dute, halaber, sarrerak itzultzeko prozesua zein izango den. «Absentzia luze honen ondoren, itzulera sinestezina izango da eta merezi izango duela hitzematen dizuegu. Zuzeneko musika gozatzeko eta ospatzeko irrikaz itzuliko gara», adierazi dute.
Azkena Rock ere, bertan behera
BBK Live jaialdia bertan behera uzteko erabakiaren berri eman eta ordu gutxira iritsi da espero zen albistea: Azkena Rock jaialdia ere ez egitea erabaki dute antolatzaileek. «Zinez uste genuen Mendizabalan berriro ere elkar ikusteko aukera izango genuela; alabaina, gaur egungo egoera duela urtebetekoa baino hobea den arren eta txertoak iristen ari diren arren, osasun neurriak direla-eta oraindik ezinezkoa zaigu Azkena Rock Festival jaialdia egitea», adierazi du Last Tourrek ohar bidez.
Ekainaren 17, 18 eta 19an zen egitekoa aurten Gasteizko rock jaialdia, eta, besteak beste, Iggy Pop, Patti Smith, The Offspring eta Suzy Quatro ziren Mendizabalako agertokian jotzekoak. Azken horrek, hain zuzen, esana zuen dagoeneko aurten ez zela Gasteizen izango.
Ekainaren 17an, Mendizabalako gunea ireki behar zuten egunean bertan iragarriko dituzte 2022an ariko diren musikariak, eta egun horretan irekiko dute, halaber, sarrerak itzultzeko epea. Hala ere, antolatzaileek ziurtatu dute aurtengo sarrerek balio dutela datorren urterako. «Honen guztiaren amaieran argia sortuko da. Hasiak gara zuzeneko musikaz modu seguruan gozatzen, edukiera mugatua duten kontzertuetan. Gero eta gutxiago falta da jaialdi handi batean berriro ere elkar ikusteko», adierazi dute antolatzaileek.
#Azkenarockfestivalpic.twitter.com/HVynZzN46P
— Azkena Rock Festival (@AzkenaRockFest) May 18, 2021
Ez dute esan, oraingoz, formatu txikiagoko kontzerturik antolatuko duten edo ez. Aukera, halere, mahai gainean dago. Izan ere, Azkena Rock jaialdiaren antolatzaileak Gasteizko eta Arabako eragileek sortutako Kultura Bizia elkarteko kide dira, eta ekainerako egun batzuk erreserbatuak dituzte Iradier Arenan ekitaldiren bat antolatzea erabakiko balute. Iradier Arenan 600 lagunentzako kultur ekitaldiak egin daitezke.